Euskara ikasleei klasetik kanpo euskaraz solasteko tarte bat eskaintzea da Mintzodromoaren helburua. Sareuskak antolatutakoa gainera haratago doa, Hego Lapurdiko, Bortzirietako eta Bidasoako herritarrak bildu eta elkarren arteko harremanak ere sustatu nahi baitituzte. Horregatik, Irunen izanagatik, Bortzirietako euskara ikasle zein herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatu diete. Bataz beste, pare bat orduko iraupena izanen du saioak. Goizeko 10:00etatik 12:00etara, mahai baten bueltan bilduko dira launakako taldeak; euskara ikasleak eta euskaraz ongi dakitenak elkarrekin. Antolatzaileek proposatutako gai erraz batzuetatik abiatu eta hortik aurrera librea da solasa. Hortaz, norberaren euskara maila lantzeaz gain beste ikasle batzuk ere ezagutzeko eta elkarlana jorratzeko modua eskaintzen du Mintzodromoak. Hiru erakundek osatzen dute Sareuska: Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Hego Lapurdiko Hiriguneak eta Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak eta irailean aurkezpen publikoa egin ondotik, antolatutako lehendabiziko ekimena da abenduaren 3koa. Dena den, datorren urterako hainbat jarduera aurreikusi dituzte, batez ere merkataritzari, euskalduntzeari eta gazteei begira.