Maiatzaren 21eko grebaren berri emanen du www.ttipi.eus web orriak

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 20a, 13:56

Baztan-Bidasoan eta Leitzaldean hainbat mobilizazio iragarri dituzte

Maiatzaren 21ean ELA, LAB, EHNE , ESK, EILAS eta Hiru sindikatuek deitu duten grebari buruzko informazioa emanen du ortzegunean www.ttipi.eus web orriak. Goizetik, grebaren eraginaren berri emanen du, bai Baztan-Bidasoaldean, baita Leitzaldean ere. Honela, grebak eskualdez eskualde eta arloz arlo izan duen segimendua, mobilizazioen eta gerta daitezkeen gorabeheren berri emanen da, argazkiekin lagundua. Ttipi-ttapa Telebistako emisioak ere bat eginen du grebarekin eta ez da telebideorik emitituko.

Mobilizazioak Baztan-Bidasoan

Greba orokorra egitea "beharrezkoa izateaz gain, langileen eskubideen defentsan pauso erabakigarria" dela adierazi digute bi sindikatu nagusietatik, ELA eta LABek. Hain zuzen, bi sindikatu hauek ekitaldi bateratuak iragarri dituzte eskualde osoan. Baztan-Bidasoa inguruan, goiz goizetik hasita pikete informatiboak ibiliko dira herrietan eta industrialdetan. Goizeko 9etan bi kotxe karabana abiatuko dira, bat Beratik Lesakara eta bertzea Doneztebetik Elizondora. Eguerdiko 12etan Iruñean eginen den manifestaziora joateko ere dei berezia egin dute inguru honetan gehiengoa duten sindikatuetatik. Arratsaldeko 19:00etan, eskualdeko manifestazioa eginen da Lesakan, gizarte eragileek deituta.

Mobilizazioak Leitzaldean

Leitzaldean ere mobilizazioak iragarri dituzte. Lantegi handienean, Sarriopapelen erabatekoa izanen da greba. Izan ere, apirilaren 22an Langileen Batzordeak grebarekin bat egitea erabaki zuen eta maiatzaren 13an hiru txandatako langileekin egindako bileretan, langileen gehiengoak ere greba egitea erabaki zuen. Goizeko 8:00etan informazio taldea ibiliko da Leitzako karriketan eta industrialdean, grebaren nondik norakoen berri emanez. 9:00etan kotxe karabana ibiliko da herrian zehar eta eguerdian Iruñean eginen den manifestaziora joateko deia egin dute. Arratsaldeko 18:00etan Leitzako plazatik manifestazioa abiatuko da, “Eredu ekonomiko eta sozial justoaren alde”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun