Mintzodromoa antolatu du Sareuskak abenduaren 3an Irunen

TTIPI-TTAPA 2014ko aza. 26a, 08:52

Mintzodromoaren aurkezpenean parte hartu zuen BeƱardo Goietxe Bortzirietako Euskaltegiko irakasleak ere. Utzitako argazkia

Euskara ikasleak eta euskaraz ongi dakitenak bilduko dira launakako taldetan

Euskara ikasleei klasetik kanpo euskaraz solasteko tarte bat eskaintzea da Mintzodromoaren helburua. Sareuskak antolatutakoa gainera haratago doa, Hego Lapurdiko, Bortzirietako eta Bidasoako herritarrak bildu eta elkarren arteko harremanak ere sustatu nahi baitituzte. Horregatik, Irunen izanagatik, Bortzirietako euskara ikasle zein herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatu diete. Bataz beste, pare bat orduko iraupena izanen du abenduaren 3ko saioak.

Ekimena Irungo udaletxean aurkeztu zuten Fernando San Martin Irungo Euskara saileko ordezkariak, Txomin Sagarzazu zinegotzi hondarribitarrak, Beñardo Goietxe Bortzirietako euskaltegiko irakasleak eta Gaizka Zuazo Kuntshal eskolako irakasleak.

Abenduaren 3an, 10:0etatik 12:00etara, mahai baten bueltan bilduko dira launakako taldeak; euskara ikasleak eta euskaraz ongi dakitenak elkarrekin. Antolatzaileek proposatutako gai erraz batzuetatik abiatu eta hortik aurrera librea da solasa. Hortaz, norberaren euskara maila lantzeaz gain bertze ikasle batzuk ere ezagutzeko eta elkarlana jorratzeko modua eskaintzen du Mintzodromoak. Estitxu Fernandez bertsolari lesakarrak gidatuko du saioa eta euskal kultura eta musikako aurpegi ezagunak hartuko dute parte.

Mintzodromoan parte hartzeko izen emate epea azaroaren 28raino, ostirala, egongo da zabalik: euskara@irun.org helbidera idatziz; telefonoz, Euskara zerbitzura deituz (943 50 52 72) edo Irungo SACen; Hondarribiko BAZen; Irun, Hondarribi edo Bortzirietako euskaltegietan; edo Hego Lapurdiko hirigunean.

Hiru erakundek osatzen dute Sareuska: Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Hego Lapurdiko Hiriguneak eta Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak eta irailean aurkezpen publikoa egin ondotik, antolatutako lehendabiziko ekimena da abenduaren 3koa. Dena den, datorren urterako hainbat jarduera aurreikusi dituzte, batez ere merkataritzari, euskalduntzeari eta gazteei begira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun