Ondoko egunetan banatuko dute Baztango Udalak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak egin duten 2015eko egutegia

Ttipi-Ttapa 2014ko azaroaren 25a

Argazkietako gaia erreka izan da

Egutegia Josetxo Apeztegiak, Juan Mari Ondikolek, Aitor Arotzenak eta Rosa Errandoneak utzitako argazkiekin osatu dute. Erreka izan da horietan gaia. Egutegiak hainbat jakingarri ere jaso ditu eta tartean, ilargi faseak eta etxeko hondakin berezien bilketa egunak zein diren. Egutegi bakoitzak zenbaki bat ere badu, hiru hilabetero eginen den zozketa parte hartzeko. Eskualdeko dendetan gastatzeko 300 euroko lau txartel zozketatuko dituzte.

Baztango Udalak, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak elkarlanean egin duten 2015eko egutegia prest dago eta ondoko egunetan banatuko dute Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako etxeetan. Egutegian ageri diren argazkietako gaia erreka izan da aldi honetan eta argazkiak Josetxo Apeztegiak, Juan Mari Ondikolek, Aitor Arotzenak eta Rosa Errandoneak utzitakoak dira.

Aitzineko aldietan bezala, hainbat jakingarri ere bildu dituzte egutegian. Hala nola, etxeko hondakin berezien bilketa egunak herriz-herri zein diren ageri da egutegian, eta ilargi faseen berri ere bai. Horrez gain, bertzelako informazio andana ageri da, hala nola: gaur egun 1.734 familiak egiten dutela etxean konposta eta 2014an 1.004 konstagailu banatu direla, 150 edukiontzi hori eta 50 urdin gehiago banatu dituztela eta Bortzirietako Mankomunitateak prestatutako Zer non? aplikazioa non deskarga daitekeen ere ageri da. Aplikazioak hondakinan nola, non utzi argitzen du.

Egutegi bakoitzak zenbaki bat ere badu, hiru hilabetero eginen den zozketan parte hartzeko. Eskualdeko dendetan gastatzeko 300 euroko lau txartel zozketatuko dituzte eta zozketak urtarrilaren 2an, apirilaren 1ean, uztailaren 1ean eta urriaren 1ean eginen dituzte Bortzirietako Mankomunitatean. Zenbaki saritua hedabideetan emanen dute eta  saritua agertzeko hiru hilabeteko epea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun