Nafarroako sokatira txapelketako laugarren eta hondar saioa jokatu zen azaroaren 22an Lakuntzan. Larunbateko jardunaldian 600 kilo azpitiko gizonezko taldeek eta 550 kiloko talde mistoek hartu zuten parte. Kategoria hauetako lehen jardunaodian bezala, gizasemeetan Lesakako Beti Gazte eta mistoan Berriozar nagusitu ziren. Hortaz, lesakarrek, gizonezkoen bi txapelak jantzi dituzte aurten.
Gizonezkoetan tiraldi guziak irabazi zituen Beti Gaztek (4 puntu), Amaiur izan zen bigarren (3 puntu), Txantrea hirugarren (2 puntu) eta Berriozar laugarren (puntu 1). Sailkapen orokorrean, Beti Gazte izan da lehenbizikoa (8 puntu), Amaiur bigarren (6 puntu), Berriozar hirugarren (3 puntu) eta Txantrea laugarren (3 puntu). Iruñerriko bi taldeek berdinketa hausteko tiraldiak egin behar izan zituzten eta biak Berriozarrek irabazi zituen.
Beti Gazteko talde txapeldunean, Markel Suarez, Karmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Iñigo Altzugarai, Beñat Oronoz, Mikel Apeztegia, Agoitz Altzugarai eta Pascual Taberna aritu ziren. Beraz, 640 kilokoa irabazi zuen taldetik aldaketa bakarra egin zuten eta Iñigo Altzugarai sartu zen Oskar Telletxea igantziarraren ordez.
Txapelketa mistoan, berriz, lehen jardunaldian bezala Berriozar nagusitu zen. Honela, 6 puntu pilatu eta txapeldun izan da. Amaiur bigarren izan da bi saioetan eta Txantrea hirugarren.