Saioa Alkaizak irabazi du Izeta sariketaren seigarren edizioa

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 24a

Amiano, Untxalo, Lopez, Alkaiza, Tainta eta Plaza, saioaren ondotik. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iruindarra nagusitu zen ortziralean Elizondon jokatu zen finalean

Mariano Izeta sariketaren seigarren edizioko finala jokatu zen ortziral arratsean Elizondon. Nafarroako sei bertsolari gazte izan ziren kantuan eta azkenean Saioa Alkaizak lortu zuen txapela. 75 bertsozale elkartu ziren afalondoko giro animatuan egin zen saioan. Ikusi argazkiak

Mariano Izeta sariketaren seigarren edizioko finala jokatu zen ortziral arratsean Elizondon. Nafarroako sei bertsolari gazte izan ziren kantuan eta azkenean Saioa Alkaizak lortu zuen txapela. 75 bertsozale elkartu ziren afalondoko giro animatuan egin zen saioan. Ikusi argazkiak

Saioa Alkaizak irabazi du Mariano Izeta sariketaren edizio berria. Bertsolari iruindarra nagusitu zen Elizondon jokatu zen finalean eta hortaz harentzat izan da txapela. Alkaizaren atzetik, hurrenez hurren, Maddalen Lopez lesakarra, Oier Amiano elizondarra, Kotte Plaza elizondarra, Alazne Untxalo iturendarra eta Ioar Tainta lesakarra sailkatu ziren. Beraz, eskualdekoa ez zen bertsolari bakarrak eraman zuen txapela.

75 bertsozale inguru elkartu ziren Baztango Errugbi Elkartean. Afari goxoaren ondotik, hasiera eman zitzaion finalari. Azaroaren 17ko hiru kanporaketetan sailkatu ziren sei bertsolariek ziren bertsotan, eta aurkezle lanetan Fernando Anbustegi. Hiru epaile izan zituen finalak: Jon Abril, Saioa Mitxelena eta Mikel Altzuart.

Bertsolariek ofiziotako, kopletako eta bakarkako lanak egin ostean, epaileen erabakiaren zain gelditu ziren bertsolarik zein bertsozaleek. Saioa Alkaizak lortu zituen puntu gehien eta harentzat izan zen txapela. Ines Izetak Mariano Izetaren alabak jantzi zion iruindarrari txapela.

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz. Aurreko bost edizioetan Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa irabazi dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun