Azken txanpara ailegatu da Nafarroako Sokatira Txapelketa eta larunbat honetan, azaroak 22, txapelketako azken saioa jokatuko dute Lakuntzako pilotalekuan. Gizonezkoen 600 kilokoen kategorian, bigarren eta azken saioa jokatuko dute eta horrekin batera, mistoen 550 kilokoen mailan, bigarren eta azken saioa. 19:00etan hasiko da saioa. Eskualdetik ere parte-hartzea izanen da, Amaiur eta Lesakako Beti Gazte 600 kilokoan ari baitira eta mistoan Amaiurko taldea.
Bigarren jardunaldiaren faltan, gizonezkoen 600 kilokoen mailan, lehenbiziko saioan Beti Gazte nagusitu zen eta hortaz, 4 puntu eskuratu zituen. Amaiur bigarren izan zen (3 puntu), Berriozar hirugarren (2 puntu) eta Txantrea laugarren (puntu 1). 550 kilokoen kategorian, berriz, Berriozarrek irabazi zuen (3 puntu), Amaiur bigarren izan zen (2 puntu) eta Txantrea hirugarren (puntu bat).
Orain arte egin diren kategoriei dagokienez, gizonezkoen 640 kilokoen mailan Beti Gaztek irabazi zuen txapela eta emakumezkoen 375 kilokoetan Berriozar eta Amaiurko neskek ostatutako taldea nagusitu zen.