Mariano Izeta sariketako seigarren edizioko kanporaketak egin ziren joan den ortziralean. Arribe-Atallun 50 bertsozale gazte elkartu ziren Satorzulo lokalean. Bertan, Alazne Untxalok eta Maddalen Lopezek lortu zuten finalerako sailkatzea. Iruñeako saioa, berriz, Iruñeko Alegria peñan izan zen eta Saioa Alkaiza eta Oier Amianok lortu zuten finalerako txartela. Azkenik, Arbizkuko Argibide elkartean 45 bertsozalek segitu zuten kanporaketa bertatik bertara. Kotte Plaza eta Ioar Tainta sailkatu ziren finalerako.
Finalerako txartelak salgai Horiek horrela, ostiralean Elizondon jokatu den Izeta sariketako seikoa honakoa da: Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka).
Finala Baztango Errugbi Taldeko elkartean (BRTetxea, antzinako Alkartetxean) izanen da eta Fernando Anbustegik aurkeztuko du. Epaile lanetan Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Altzuart arituko dira. Saioa mahai bueltan egingo da, afal ostean. 21:00etan izango da afaria eta 22:00etan saioa. Afari eta saioaren prezioa 15 eurokoa da eta sarrerak aldez aurretik erosten ahalko dira Elizondoko Fantxike dendan eta Intza ostatuan edo Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu (nafarroa@bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan).
Seigarren edizioa
Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten seigarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman eta Aurizko Aimar Karrika izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak.
Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela bost urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.
Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da, bertsolari gazteen sustapenerako den sariketa. Horrela, askotan taula gainean aritzeko horrenbeste aukerarik ez duten bertsolariei aukera bat eman nahi zaie eta, bereziki, bertsolari gazteei. Azken finean, bertsolaritza sustatzeko eta haren etorkizunerako oinarriak ezartzeko egiten da bi urtetik behin Izeta sariketa.
Mariano Izetaren omenez
Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina hortaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.
Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.