Literatur Solasaldia izanen dute Donamariako erabilera anitzeko gelan azaroaren 20an

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 18a

Fermin Etxegoien, 'Zinegotzia' liburuaren aurkezpenean. Artxiboko argazkia

Fermin Etxegoien idazlearekin, ‘Zinegotzia’ nobelari buruz

Malerrekako Literatur Solasaldien baitan, Fermin Etxegoien idazlea etorriko da azaroaren 20an, ortzegun arratsaldeko 7etan Donamariako erabilera anitzeko aretora, Zinegotzia bere azken eleberriari buruz solastera.

Malerrekako Literatur Solasaldien baitan, Fermin Etxegoien idazlea etorriko da azaroaren 20an, ortzegun arratsaldeko 7etan Donamariako erabilera anitzeko aretora, Zinegotzia bere azken eleberriari buruz solastera.

Fikzio hutsa izan arren, Zinegotzia eleberriak neurria hartu nahi dio errealitateari, ahalik eta gehien gerturatuz aktualitate deitzen dugun horretara. Egun bakarrean gertatzen da kontakizuna, drama klasikoetan bezala, hiru ataletan banatua. 2013ko ekainaren 6an kokatu du eleberria idazleak, eta eskuineko zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean.

 

Literatur solasaldi emankorrak

Malerrekako Literatur Solasaldiak ekimena 2013ko udaberrian sortu zen, bertako Euskara Batzordeak bultzatuta. Ekimen honetan liburu bati buruz ongi hornitutako mahai inguruko mintzaldia antolatzen da idazlearekin. Ekimen honek duen alde onenetako bat, idazlea bera ezagutzeko aukera izateaz gain, idazlearekin zenbait gairen inguruan sortzen den mintzatzeko aukera da; erraterako, zer gustatu zaion, edo zer ez, zein atal iruditu zaion berezia… azken finean, irakurleak idazleari egoki ikusten duena galdetzeko aukera izaten du. Bisitatu gaituzten egileen artean honako hauek izan dira: Ernesto Prat, Mikel Taberna, Peru Madalena, Luis Garde… Ekimen honetan parte hartzeko Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin kontaktuan jarri behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun