Xaloa Telebista Iruñerrian ere ikusiko da abendutik aitzinera

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Xaloa Telebista, TOKIKOM eta Udalbiltzako ordezkariak, bertze gizarte eragileekin batera gaur goizean Iruñean egindako aurkezpenean. Utzitako argazkia

Crowdfunding kanpaina abiatu du azpiegitura teknikoa eskuratzeko finantzazioa lortzeko eta 50.000 euro bildu nahi dituzte 40 egunez

1997az geroztik Baztan-Bertizarana-Malerrekan diharduen Xaloa Telebistak «jauzi kualitatiboa» iragarri du gaur, Iruñerrian ere emititzen hasiko baita aste gutxi barru. Telebistarentzako ez ezik, Iruñerriko gizartearentzat ere aurrerapauso handia izanen da da bertako euskarazko telebistaren sorrera. Lanean hasteko inbertsio handiak egin beharko ditu Xaloak eta crowfunding sistemaren bidez 50.000 euro bildu nahi dituzte berrogei eguneko epean.

1997az geroztik Baztan-Bertizarana-Malerrekan diharduen Xaloa Telebistak «jauzi kualitatiboa» iragarri du gaur, Iruñerrian ere emititzen hasiko baita aste gutxi barru. Telebistarentzako ez ezik, Iruñerriko gizartearentzat ere aurrerapauso handia izanen da da bertako euskarazko telebistaren sorrera. Lanean hasteko inbertsio handiak egin beharko ditu Xaloak eta crowfunding sistemaren bidez 50.000 euro bildu nahi dituzte berrogei eguneko epean.

Xaloa Telebistak 2013ko lizentzia banaketan lortu zuen Iruñerrian emititzen hasteko baimen ofiziala. Harez geroztik hamaika ate jotzen ibili da egitasmoa errealitate bihurtzen hasteko. Halaxe azaldu du Joseba Igerabidek, telebistaren arduradunak.

Egitasmoak ilusio handia piztu du hasiera-hasieratik. Horren adierazgarri, aurkezpeneko mahaian izan den ordezkaritza zabala. Xaloa Telebistako Joseba Igerabiderekin batera, Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatak, TOKIKOMeko presidente Urko Aristik eta Udalbiltzako Maite Iturrek ere hartu dute hitza aurkezpenean. Haiekin batera, euskalgintzako ordezkaritza zabala ere batu da aurkezpenean, proiektuarekiko atxikimendua erakutsiz.

Euskaltzaleen Topagunearentzat Iruñerriko euskaldunek ikus-entzunezkoen alorrean bizi duten hutsunea betetzera dator Iruñerrirako euskarazko telebista berriak. Topaguneak hasieratik hartu du bere gain proiektua euskalgintzako beste eragileekin konpartitzeko ardura, eta erantzuna oso positiboa izan da hasiera-hasieratik.

Oskar Zapatak azaldu duenez, «hainbat bilera izan ditugu Kontseilua, AEK, IKA, Bertsozale Elkartea, Ikastolen Elkartea eta baita Iruñerriko euskara elkarteekin ere, eta ilusio handia piztu da guztiengan. Protestatzeko edo kexatzeko baino, honek proiektu berri eta eraikitzaile baten inguruan batzeko aukera eman digu, eta alde horretatik oso motibagarria suertatzen ari da».

TOKIKOMeko presidente Urko Aristik ere pozgarritzat jo du Xaloak bere jarduna Iruñerrira hedatzea. «Inguru urbanoetako toki komunikabideek eragin handia izan dezakete, publikoarengan zein inguruko beste tokiko hedabideetan, eta guretzat funtsezkoa da hiriburuetan toki komunikabide sare ahalik eta osatuenak izatea. Xaloak paper garrantzitsua jokatuko du, inguruko beste hedabideekin elkarlanean, laster martxan izango dugun Iruñerriko agerkari digitala ikus-entzunezko edukiz hornitzen».

Udalbiltzak ere pozik hartu du proposamena: Maite Iturreren erranetan, «gaur-gaurkoz, telebista ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzeko, eta Iruñerriaren egoera kritikoa da alde horretatik: euskarazko telebistarik ez egotetik halako bat sortzera pasatuko gara, aurrerapausu praktiko eta sinboliko handia gure ustez”.

Iruñerrira zabaltzea Xaloaren helburua ere hobeto betetzeko aukera ederra da Joseba Igerabideren ustez: «euskararen irudi sozialean eta erabileran ere eragin nahi dugu, eta Iruñerrian emititzeak aukera ematen digu bertako euskaldunei zerbitzua eskaintzeko, baina baita erdaldunak ere gure mundura erakartzeko. Aukera eta erantzukizun handia da».

Dena ongi bidean, Xaloa Telebistak abenduan ekingo dio Iruñerrirako lehen probako emisioak egiteari, urte berriarekin batera programazioa egonkortzen joateko. Bertako informatiboa eta magazinea ere izango dute egunero, eta haiekin batera marrazki bizidunak, haurrentzako saioak, gazteentzakoak, kirolak, emakumeen ingurukoak... «Xume-xume hasi eta denborarekin garatzen joatea da gure asmoa».

 

50.000 euro biltzeko beharra

Lanean hasteko, Xaloak hainbat inbertsio handi egin behar ditu tresnerian. Garrantzitsuena multiplex emisorea da. Gailu horrek seinale digitala igortzen du eta, Xaloak ez ezik, Iruñerrian lizentzia lortu duten Hamaika eta Abian telebistek ere erabili ahal izango dute martxan jarri nahi dutenean. Horrekin batera, Xaloak bi errepikagailu ezarri behar ditu, Elo eta Ezkaba mendietan, Iruñerriko eremu osoa estali ahal izateko.

Azpiegitura horren guztiaren kostua 50.000 eurokoa da, eta hori finantzatzeko crowdfunding edo diru-bilketa kanpaina abiatu du Xaloak. «Ahalegin handia da zalantzarik gabe, baina inbertsio gisa hartu beharra dago, trukean euskararentzako esparru zabal eta garrantzitsua irekitzea ahalbidetuko diguna».

 

Diru-bilketa, karena.eu bidez

Topagunearen, TOKIKOMen eta Udalbiltzaren laguntza ere duen diru-bilketa kanpaina karena.eu plataformaren bidez egitea erabaki dute. Karena lehen crowdfunding plataforma euskalduna da, auzolanean oinarritutako proiektuek finantzazioa lortzeko bitartekoa.

Duela sei hilabete sortu zuten plataforma, eta tarte horretan, bertan aurkeztu diren 10 proiektuetatik bederatzik lortu dute beren helburua. Hor daude adibidez Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektua, ON musika taldearen diskoa edo Azoka Herritik-Faktoria egitasmoa.

Karenak lortzen duen sarreren zati bat euskarazko proiektuak berrelikatzera bideratzen da automatikoki, eta hori izan da plataforma honi lehentasuna emateko funtsezko arrazoia.

Xaloa, Topagunea, TOKIKOM eta Udalbiltzako ordezkariek aitortu dute 50.000 euro horiek batzea ez dela erronka makala. «Horregatik, dei egiten diegu Euskal Herriko eta mundu osoko euskaltzaleei, bakoitzak ahal duen neurriko ekarpena egin dezan. Egitasmo honek aldaketa kualitatibo handia ekarriko du euskararen mundura, eta horregatik ziur gaude ahaleginak merezi duela».

Gaur bertan kontatzen hasita, 40 eguneko epea dago telebistak behar dituen 50.000 euroak batzeko. Kanpainaren bultzatzaileek argitu dute kopuru horretara iritsi ezean, egitasmoa bertan behera geratuko litzatekeela. «Aukera aparta galduko genuke hori gertatuz gero, seguru gaude ez dela geratuko».

Diru-ekarpenak internet bidez egin daitezke, karena.eu webgunetik. Laguntzen zenbatekoa edozein izan daiteke, baina 'mugarri' batzuk gaindituz gero, trukean esker oneko sari txiki batzuk eskuratzeko aukera ere izango da. Mugarri eta sarien zerrenda ere karena.eu-n bertan dago ikusgai.

Laguntza bono fisikoak erosteko aukera ere badago. Karrikiri Euskal Dendan (Xabier karrika 4) eta Katakrak Liburudendan ere (Kale Nagusia, 54) aurki daitezke eta, interneten bezalaxe, norberak erabaki dezake zer preziotan erosi, eta ekarpenaren araberako sariak jasotzeko aukera ere izango da.

Antolatzaileen arabera, honako hau «komunitate euskaltzalearen indarra erakusteko aukera paregabea da. Helburua potoloa bada ere, ez dugu batere zalantzarik denon artean gainditu ere egin dezakegula, askoz ere gauza zailagoak egin izan ditugu!». Optimistegia izatea den ala ez, 40 egun barru jakingo dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun