Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko da azaroaren 14ean, ortziral arratsaldeko 5:30etik aitzinera Doneztebeko udal pilotalekuan.
Bortz aizkolari aurrez aurre arituko dira garaipena eskuratzeko lehian. Tartean eskualdeko bi ordezkari izanen dira, Mieltxo Mindegia zubietarra eta Asier Pellejero aresoarra. Hauekin batera Iker Vicente (Otsagi), Aitor Senosiain (Olague), eta Goizeder Belza (Etxarri-Aranatz) arituko dira lehian. Egin beharreko lanak hauek izanen dituzte: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Lehenengo bi sailkatuak mailaz igoko dira. 15 euro ordaindu beharko dira sarreragatik.
INAXIO PERURENA HAURREKIN
Aizkolarien txapelketaren ondotik Inaxio Perurenak harrijasotze erakustaldia eskainiko du. Hasteko, 200 kilokoari bi altxaldi, 250 kilokoari altxaldi bat eta 270 kilokoari altxaldi bat. Segidan, 200 kilokoari altxaldi bat eginen dio esku bakarrekin eta bukatzeko 111 kiloko bolarekin saioa eskainiko du.
Honela, Doneztebeko feria egunerako herri kirol jaialdi bikaina osatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak.