Hedabide guziak luzaz eta zabal mintzatu dira gure herriaz azken egun hauetan 30 urtez beha egon eta azkenean Urgurin barna pasatzen den karrika nagusiko saihesbidea ideki baitu Pirineo Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak. Bortz kantoinak eta Ibarrun lotzen dituen bide berria 4 urtez egin dute eta 8 milioi euro gosta da. Hautetsiek eta herritar gehienek diote azpi egitura hau beharrezkoa zela karrika nagusian batzuetan 18.500 ibilgailu pasatzen baiziren, hauen artean 600 kamiun egun guziz! Orain karrikan ibiltzea debeku dute eta saihesbidetik pasa behar dute. Kontseilu Nagusiak bide berria ideki du seinalerik eman gabe eta behin behineko diren bakarrak erdara hutsean daude.
KARRIKA NAGUSIAN NORABIDE BAKARRA
Bertzalde, urtarriletik goiti norabide bakarrean ibili beharko da karrika nagusian, Mundutegia etxetik Aiago Enea alderat hain xuxen, eta horrek kezka gehiago sortu du zenbait herritar eta saltzaileen artean. Izan ere, batzuek bi kilometrako itzulia egin beharko dute alde batetik bertzerat gateko autoz, gutiago oinez! Aldaketa hau ez du betiko eginen herriko etxeak lehenik ikusi nahi baitu nola ibiliko den hilabete batzuz. Geroago deliberatuko dute zer egin xuxen. Merkatariak beldur dira bezero gutiago agertuko zaizkiela. Saltegi batzuk ateak hestekotan dira eta Ibarrun aldeko merkataritza gune berrietarat doatzi. Herriaren bilakaerak aitzina segitzen du. Onerako edo txarrerako? Geroak erranen...