Elizako teilatuaren moldaketa lanak bukatu dituzte

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Elizak itxura bikaina hartu du teilatua berritu ondotik. Fernando ETXEBERRIA

Itxura bikaina hartu du historia luzea bezain berezia duen eraikin erlijiosoak

Betilan eraikuntza enpresak bukatu ditu Elizako lanak. Kanpoko itxura polita gelditu da. Teilatuko goiko alderdia guztiz berritu dute, egur zaharrak kendu eta teila berriak jarrita. Beheko alderdian, sarrerakoan, han zeuden teilak ongi ezarri dituzte. Ho­rrela itaizurrak desagertuko dira.
 
Eliza estilo gotiko-erre­nazentistan egina da eta gurutze gotikoa, amabirjinaren XVI. mendeko taila eta 1672an egindako zilarrezko gurutzea dira aipagarrienak.
 
Aldare nagusia 1722an berreraiki zen, Ezkurrako jaunaren iri­tziaren kontra. Jauntxo hau herriko alkate ere izaten zen eta apeza izendatzeko eta hama­rrenak kobratzeko eskubidea izaten zuen. Baina eliztarrek eliza hondatua zegoela ikusirik, eliz agintariengana jo eta hauek Ezku­rrako jauna behartu zuten he­rritarren eskaera onar­tzera, baina oraindik mantentzen den le­treroa jarriarazi zuen: «Este retablo se puso por devoción y a expensas de los vecinos de esta villa con consentimiento del patrono de la iglesia».
 
Eliz barnean, jaun­txoaren familiak bere eserlekua izaten zuen eta familiko kideak bakarrik lurperatzen zituzten azpian. Baina behin, 1679an, “palazianoak” falta zirela hil zen Martin Telletxea apaiza eta emakume batzuk banku azpian lurperatu zuten. Baina Maria de Ezkurra jauntxoaren alaba (Luis Beaumontekin ezkondua zen, bi familien armarriak oraindik ageri dira ezkerreko aldarean) enteratu eta gorpua aterarazi eta hilerrira eramanazi zuen. Emakumeek 20 liberako isuna ere ordaindu behar izan zuten.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun