2014 urteko azken ateraldiak egiten ari da Arkupeak erretiratuen elkartea. Urriaren 30ean, 130 bazkide joan ziren Lizarra eta Lodosara. Azken honetan, Perón piper enpresara ohiko bisita egin zuten taldeka, denak batera hartzeko lekurik ez baitu. Zuzendariak, kofradiako jantziarekin, pikillo-piperra biltzeko, prestatzeko eta latetan sartzeko prozesua azaldu zuen laburki. Eta beti bezala, piperrak ez ezik, zainzuriak, alkatxofak, lekak eta beste hainbat produktu prezio apalagoan etxeratzeko aukera aprobetxatu zuen nahi zuen guztiak. Lizarrako merkatuan ere ibili ziren eta Larrión jatetxean bazkaldu zuten. Bazkalondoan, Jose Angelen musika entzun edo dantzatzeko aukera izan zuten.
Beste aldetik, 30 bat bazkide Kanaria Haundiko Playa del Inglesera joan ziren azaroaren 2an. Azaroaren 21ean, beste talde bat Argentinara abiatuko da, abenduaren 13an bueltatzeko eta azkenik, egun horretan berean, Zumarragako Feriara joateko aukera izanen da.
USOAREN FESTA
Duela bost urte baino gehiago hasitako ohiturari eutsiz, Goiz Mendi taldeko kideak zirenak Otsondon bildu ziren urriaren 22an. Goizeko 10etan abiatu eta inguruan barna ibilaldia egin ondotik, Lezeta jatetxean bazkaldu zuten, Juanita sukaldariak prestatutako potajea, usoa eta euskal pastel goxoak. Bazkalondoan, argazkia atera ondotik, etorkizunean ere mendi ateraldiekin segitzea adostu zuten. Zehazki, azaroaren 19an Larunera igoko dira Beratik, goizeko 9etan abiatuta eta gero Zalain jatetxean bazkalduko dute.