Literatur Solasaldia izanen dute Donamariko erabilera anitzeko gelan azaroaren 20an

Marga ERDOZAIN 2014ko azaroaren 13a

Malerrekako Literatur Solasaldien baitan, Fermin Etxegoien idazlea etorriko da azaroaren 20an, ortzegun arratsaldeko 7etan Donamariko erabilera anitzeko aretora, Zinegotziak bere azken eleberriari buruz solastera. Fikzio hutsa izan arren, Zinegotzia eleberriak neurria hartu nahi dio errealitateari, ahalik eta gehien gerturatuz aktualitate deitzen dugun horretara. Egun bakarrean gerta­tzen da kontakizuna, drama klasikoetan bezala, hiru ataletan banatua. 2013ko ekainaren 6an kokatu du eleberria idazleak, eta eskuineko zinegotzia berandu esnatu zen Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen egunean.
 
LITERATUR SOLASALDI EMANKORRAK
Malerrekako Literatur Solasaldiak ekimena 2013ko udaberrian sortu zen, bertako  Euskara Batzordeak bultzatuta. Ekimen honetan liburu bati buruz ongi hornitutako mahai inguruko mintzaldia antolatzen da idazlearekin. Ekimen honek duen alde onenetako bat, idazlea bera ezagutzeko aukera izateaz gain, idazlearekin zenbait gairen inguruan sortzen den mintzatzeko aukera da; erraterako, zer gustatu zaion, edo zer ez, zein atal iruditu zaion berezia… azken finean, irakurleak idazleari egoki ikusten duena galdetzeko aukera izaten du. Bisitatu gaituzten egileen artean honako hauek izan dira: Ernesto Prat, Mikel Taberna, Peru Madalena, Luis Garde… Ekimen honetan  parte hartzeko Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin kontaktuan jarri behar da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun