Malerrekako Euskara Zerbitzuak bi tailer antolatu ditu euskararen erabilera eta sentsibilizazioa bultzatzeko. Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneak emanen ditu eta Kataluniako Tallers per la llenguaren materialean daude oinarrituta.
Bertan parte hatzeko izena eman behar da: Malerrekako Euskara Zerbitzuan (948 451 746/ euskarazerbitzua@malerreka.infolocal.org
COMPARTIMOS?
Seme-alabak D ereduan matrikulatuta dituzten guraso erdaldunendako prestatua, 75-90 minutuko iraupena du. Gaztelaniaz emanen da. Euskaraz aritzeko gaitasunik ez duten hiztun hauek euskararen normalizazioaren alde ere lan asko egin dute eta egin dezakete. Ohikoa da euskaraz ez dakiten gurasoek zenbait zalantza izatea, esaterako euskara jakin gabe, seme-alabari zertan laguntzen ahal dioten euskaldun oso izateko. Zalantza horiek argitzen lagunduko dugu tailer honen bitartez.
ZERGATIK EZ?
Bi orduko iraupena duen tailerra, euskaraz emanen da eta euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnartzeko saioa da. Euskararen aldeko argudioak eskaini nahi ditugu, hausnartzeko arrazoiak eta gakoak jorratu. Tailerraren helburuak honako hauek dira: guk, hiztun gisa, uneoro aukeratzen ditugun hizkuntza jarrerek duten eraginaz hausnartzea; euskararekiko jarrera baikorrak sustatzea; euskararen errealitatearen eta etorkizunaren ikuspegi baikorra azaleratzea. Landuko diren edukiak anitzak dira, esaterako, hizkuntza aniztasuna, euskarak duen legezko markoa, zer gertatzen da hizkuntzak kontaktuan daudenean, euskarari buruzko zenbait datu, norberak euskararekin izan duen ibilbideaz hausnartzea, euskara erabiltzea zaila egiten zaigun egoerak identifikatzea, eta etorkizunerako proposamenak.
Beraz, euskaraz jakin nahiz jakin ez, bi tailer interesgarri datorren asteazkenerako.