Feriak izanen dira azaroaren 14an eta Malerrekako biztanle guziendako egun berezia. Baserritarra, etxeko andre, gazte, ume… bakoitzak egun hori bere erara biziko du. Goiz goizetik, batez ere baserritarrak Merkatuko Plazara hurbilduko dira. Bazkaldu baino lehen, umeak, emakumeak, gizasemeak, gazteak… postuz postu ibiliko dira maindireak, zapatak, galtzerdiak, estalkiak begiratuz. Hori bai, eliza ataritik pasa behar da Sahararen aldeko zozketan sos batzuk uzteko, talo goxo bat jateko edo institutuko ikasleei pintxo bat erosteko. Egun osoan, herrian barna umeak eta gaztetxoak Errekako saskirako boleoak saltzen ibiliko dira eta hori ere derrigorrezkoa da erostea, urtero tokatzen baita. Eguerdi aldera, aperitiboa hartuta bazkaltzeko tenorea iristean gauza desberdinak dastatu ditzakegu; ferietako menua bai goxua: garbantzu azarekin, usoa edo antzekoak. Berdin da non jan: jatetxean, elkartean, senidearen etxean…baina ferietako otordu sakratua da.
Arratsaldean, berriz, herri kirola ikusgai, ferietan ohikoa dena. Aurten Nafarroako bigarren Maiako Aizkora Txapelketako finala: Mieltxo Mindegia, Asier Pellejero, Iker Vicente, Aitor Senosiain eta Goizeder Belza ariko dira lehian. Leitzako Inaxio Perurenak erakustaldia eskainiko du segidan. Ongi bazkaldu ondoren batzuk nahiago dute dirua gastatzen jarraitu eta horrela segi ilundu arte. Etxeratzeko tenorean poltsetan ez dira faltako baratxuriak, turronak, maindireak, galtzerdiak… Gaua ailegatzekin batera, eta ferianteak biltzen hasten direnean, gazteak gaueko parrandarako prestatuko dira.