Doneztebeko Udazkeneko feriak ospatuko dituzte azaroaren 14an

TTIPI-TTAPA 2014ko azaroaren 13a

Aziendak ere ikusgai izanen dira Merkatuko Plaza. Artxiboko argazkia

Ortziral arratsaldean bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatuko da

San Martin ondoko ortziralean, azaroaren 14an, udazkeneko ferietako giroak hartuko du Doneztebe. Urtetako ohiturari eutsiz, goizean goizetik izanen da zer ikusi eta erosia. Aziendek Merkatu Plaza ingurua beteko dute eta jakiak, nekazaritzako tresneria eta salmenta postuek jantziko dituzte karrikak. Bertako eta kanpoko saltzaileek, Doneztebarrak merkatari elkartekoek, artisauek... jarritako postuetan pagotxaren bila ibili eta bidenabar, taloak edota gaztainak jateko aukera ere izanen dute bisitariek. Egun osoan zehar feriatik buelta bat emateko aukera izanen da, saltzaileek postuak irekita edukiko baitituzte egun osoan.

Ganaduzaleen hitzordua

Urtero bezalaxe Merkatu Plaza ganaduzale eta abeltzainen ­biltoki izanen da. Garai batean, azienda sail ederrak biltzen ziren bertan. Gaur egun, abelburu gutxiago baina, kalitatea mantentzea lortu da.

Herri kirolzaleen gozagarri

Feria eguneko bertze ezinbertzeko osagaia bihurtu da herri kirol saioa. Urteak daramatzate ferietako arratsaldean herri kirol jaialdia antolatzen eta eskualdeko zein kanpoko bisitari ugari elkartzen dira Bear Zana pilotalekuan. Arratsaldeko 5:30etik aitzinera hasiko da. 15 euro ordaindu beharko dira sarreragatik. Batzuetan jaialdi arrunta izaten da baina bertze batzuetan txapelketaren bat ere jokoan izaten da. Aurten, Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketa jokatuko da. Bortz aizkolari aurrez aurre arituko dira garaipena eskuratzeko lehian. Tartean eskualdeko bi ordezkari izanen dira, Mieltxo Mindegia zubietarra eta Asier Pellejero aresoarra. Hauekin ba­tera Iker Vicente (Otsagi), Aitor Senosiain (Olague), eta Goizeder Belzak (Etxarri-Aranatz) arituko dira lehian. Egin beharreko lanak hauek izanen dira: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Lehenengo bi sailkatuak mailaz igoko dira.

Aizkolarien ondotik Inaxio Perurenak harrijasotze erakustaldia eskainiko du. Hasteko, 200 kilokoari bi altxaldi, 250 kilokoari altxaldi bat eta 270 kilokoari altxaldi bat. Segidan, 200 kilokoari altxaldi bat eginen dio esku bakarrekin eta bukatzeko 111 kiloko bolarekin saioa eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun