Nafarroako sokatira txapelketako bigarren saioa jokatu zen azaroaren 8an Berriozarren. Larunbateko jardunaldian 640 kilo azpitiko gizonezko taldeek eta 375 kilo azpitiko emakumezko taldeek hartu zuten parte. Lehen saioan bezala, gizasemeetan Lesakako Beti Gazte eta emakumezkoetan Berriozar-Amaiur nagusitu ziren, lehenbiziko txapelak eskuratuz.
Gizonezkoetan tiraldi guziak irabazi zituen Beti Gaztek (4 puntu), Amaiur izan zen bigarren (3 puntu) eta Txantreak eta Berriozarrek elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten (1,5na puntu). Sailkapen orokorrean, Beti Gazte izan da lehenbizikoa (8 puntu), Amaiur bigarren (6 puntu), Txantrea hirugarren (3,5 puntu) eta Berriozar laugarren (2,5 puntu). Talde txapeldunean, Markel Suarez, Karmelo Mitxelena, Julen Palenzuela, Oskar Telletxea, Beñat Oronoz, Mikel Apeztegia, Agoitz Altzugarai eta Pascual Taberna aritu ziren, Iñigo Altzugarai entrenatzailearekin eta Joseba Lasa laguntzailearekin.
Seinaka jokatu zen emakumezkoen 375 kiloko kategorian, berriz, Berriozar-Amaiur nagusi izan zen, Amaiurko lehen saioan bezala. Honela, 6 puntu pilatu eta txapeldun izan dira. Basaburua-Imotz eta Txantreak berdindu egin zuten bigarren saioan, baina lehen jardunaldia kontuan hartuz, Basaburua-Imotzek eskuratu du bigarren postua (3,5 puntu) eta Txantrea izan da hirugarren (2,5 puntu).
Datorren igandean, azaroak 16, gizonezkoen 600 kiloko eta talde mistoen 550 kiloko lehen jardunaldiak jokatuko dira Aldatzeko pilotalekuan, eguerdiko 12:30etatik aurrera.
Gizonezkoetan, 640 kiloko kategoriako talde berak ariko dira: Beti Gazte, Amaiur, Txantrea eta Berriozar. Talde mistoetan, berriz, Amaiur, Txantrea eta Berriozar izanen dira lehian.