Larunbat honetan abiatuko da Baztan-Errekako paxaka txapelketaren hamabosgarren edizioa. Aurtengo berrikuntzarik handiena txapelketa zonaldeko pilotaleku desberdinetan jokatuko dela da. Honela, Iruritako Aranabian ez ezik, Arraioz, Erratzu eta Legasan ere paxaka partidak ikusteko modua izanen da.
Azken bi herri hauetan hasi dira praktikatzen eta hurrengo txapelketan parte hartzeko asmoa erakutsi dute; Erratzun udan bertako eta Iruritako jokalariekin torneo bat jokatu zen.
Bertzalde, abenduaren 20an, txapelketako finala jokatu ondoren, Iruritako Aranabia frontoian bertan urtero Laxoa Elkarteak antolatzen duen 1.000 euroko zozketa eginen da; jadanik boletoak salgai daude.
Azaroaren 15etik abenduaren 6ra jokatuko den lehen fasean, bi multzotan banatu diren bederatzi hirukote lehiatuko dira, Iruritako bortz, Doneztebeko bi eta Elizondo eta Arraiozko bana. A multzoan Doneztebe B (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste eta Iban Santesteban), Irurita A (Joseba Urtasun, Patxi Barberena eta Alex Martin), Irurita B (Xabier Barberena, Cesar Iñarrea eta Xabier Bazterrika), Irurita C (Iñaki Etxandi, Mikel Ballarena eta Jagoba Ramos) eta Irurita D (Guillermo Etxenike, Miguel Garate eta Miguel Angel Iñarrea) ariko dira.
B multzoan, Doneztebe A (Josu Juanena, Unai Sapuppo eta Xabi Ibarrola), Elizondo (Gorka Urtasun, Juan Mari Maia eta Jon Sansiñena), Arraioz (Aritz Alunda, Mikel Mindegia eta Miguel Maritorena) eta Irurita E (Oskar Urrutia, Joxe Mari Salaburu eta Egoitz Prim) ariko dira.
Finalerdiak abenduaren 13an jokatuko dira eta final aeta hirugarren posturako partida abenduaren 20an Iruritako Aranabia pilotalekuan.
Lehen jardunaldia
Azaroaren 15ean, larunbat arratsaldean Iruritan jokatuko diren A multzoko bi partidekin hasiko da txapelketa. 17:00etan Irurita A Irurita Bren kontra ariko da eta 18:00etan Iruriuta C-Irurita Dren kontra.