Europa mailako proiektu gisa aurkeztu dute, baina Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdik partekatzen dituzten bortz ibai ditu oinarri: Bidasoa, Urdazuri, Urumea, Araxes eta Leitzaran. Uraren eta ibaien kalitatea eta egoera hobetzeaz gain, eremu horietako entitateen arteko lankidetza landu eta herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, bertzeak bertze.
Uraren eta ibaien kudeaketa hobetzea. Horixe du helburu Guratrans egitasmoak. Europa mailako proiektua da, Eskualde Garapenerako Europako Funtsak eta Nafarroako Gobernuak finantzatua, baina funtsean Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako bortz ibai ditu ardatz: Bidasoa Nafarroak, Gipuzkoak eta Lapurdik partekatzen dutena; Urdazuri Nafarroa eta Lapurdiren artean eta Urumea, Araxes eta Leitzaran, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. 2006 eta 2009 artean Nafarroako Gobernuak bultzatu eta CRANA Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroak koordinatu zuen Nafarroako Uraren Foroan sortutako eskaerei erantzun nahi die, hainbat arazo atzeman baitzituzten orduan. Bidasoko Uraren Foroan, adibidez, hauek: ur hornidura ez dagoela bermatua herri batzuetan urteko sasoi batzuetan; ur faktorea ez dela aintzat hartzen hirigintza-plangintzan; industriako, nekazaritza-abeltzaintzako eta hiri isuriek eragindako kutsadura eta ibaiertzen eta ekosistemaren egoera txarra; eta ibaien emaririk ezak arrantzan ondorio kaltegarriak dituela.
Oraingoz, Baztan, Bera, Lesaka eta Donezteben landu dute batez ere Guratrans proiektua: Bera eta Lesakan ur eskaria kudeatzeko eta tarifatzeari buruz azterlana egin dute; Lesaka, Doneztebe eta Elizondoko hainbat eraikin publikotan ekoauditoriak eta Baztan ibaira isurtzen diren hamar erreken azterketa ere egin dute. Gabeziak ikusi dituzte ikerketa horietan eta hobetzeko zer egin daitekeen bildu dute. Parte-hartze prozesu irekien bitartez egin dute orain arteko lana eta ehun lagunek baino gehiagok esku hartu dute era aktiboan talde, batzorde eta jardunaldietan.
Lan handiena Baztan-Bidasoaldean egin bada ere, Leitzaldean ere ari dira. Emakumeak busti egiten dira egitasmoan oinarrituta, ibaiei eta urari lotutako lan bat egin dute Malerreka, Bortziriak eta Leitzaldeko emakumeekin, eta Bidasoari buruzko egutegi bat eta Leitzaran eta Urumeari buruzko bertze bat ere bai. Baztan, Urumea eta Leitzaran ibaietan boluntariotza sustatzeko lanean ere hasi dira eta Malerrekan gazteak sentsibilizatzeko jarduerak egiten. Ibaiak lehengoratzeko eta Bidasoa ibaian arrainen migrazioak sustatzeko, Iberdrolarena den Berako Zentral Hidroelektriko zaharreko presa ezabatzea ere aztertu dute.
Hurrengo urratsa egindako lana jendaurrean paratzea izanen da. Egitasmoan parte hartu duten erakunde, entitate eta elkarteek konpromisoak hartu dituzte ura eta ibaien kudeaketa hobetzeko eta horiek Bera, Lesaka, Doneztebe eta Elizondon aurkeztuko dituzte.
GURATRANS PROIEKTUAREN BARRENEAN BAZTAN-BIDASOALDEAN EGIN DIREN AZTERLANAK
Ur eskaria kudeatzeko eta tarifatzeari buruzko azterlana Lesakan eta Beran
Gauzak nabarmen hobetu daitezkeela ikusi dute, hala nola, hornidura, uraren kalitatea, sareen presio estatikoa, hornidura-uraren kontrola, kudeaketa eta tarifen egitura. Hauek dira proposamen horietako batzuk:
• Ihes aunitzeko sare zaharrak berritu.
• Banako kontagailuak paratu.
• Hornidura sarean ihesak atzeman.
• Sareko presioak optimizatu eta doitu.
• Ur beltzak iragazi eta ur batzuk eta bertzeak bereizteko sareak bikoiztu.
• Iturri publikoetan sakagailuak paratu.
• Ura eraginkortasunez erabiltzeko udal ordenantza.
• Hartuneak eta kontagailuak berrikusi.
• Bide publikoan obrak kontrolatzeko protokoloa.
• Igerilekuen zerrenda egin.
• Idorteetan jarduteko protokoloa.
• Uraren prezioak aldatu.
• Uraren fakturaren formatua aldatu.
• Udal instalazioetan eta kontsumitzaile haundietan ur ekoauditoriak egin.
• Txorrotetan aurrezteko gailuak banatu.
• Diru-laguntzak sakagailu bakarreko zisternak aldatzeko.
Ekoauditoriak Lesaka, Doneztebe eta Elizondoko hainbat eraikin publikotan
Toki hauetan egin dira ekoauditoriak:
• Lesaka: kirol instalazioak, futbol-zelaia, jubilatuen elkartea, Lehen Hezkuntzako eskola, biltegia, suhiltzaileen lokala eta Xorroxin irratia.
• Doneztebe: eskola kontzentrazioa, frontoia, udako igerilekuak, kiroldegia, apartamentu tutelatuak eta Haur Eskola.
• Baztan: kirol instalazioak, komun publikoak, zahar-etxea, futbol-zelaia, eskola kontzentrazioa eta Baztan Ikastola.
Horiek aztertuta ikusi dute instalazio aunitzek ez dutela ur kontagailurik, presio estatikoa zertxobait altua dutela, txorrotak ez daudela tenporizatuta eta ez dutela aurrezteko gailurik, ez dagoela aireatzailerik konketetarako, zisterna baxuko komunak deskarga soilekoak direla eta dutxek ez dutela nahasgailurik. Eraikin horietan ur kontsumoa haundia dela ere atzeman dute eta ia ez dela kontrolatzen. Hortaz proposatu dute ur kontagailuak paratzea, igerilekuetako ur galerak konpontzea, ura aurrezteko gailuak txorrotetan eta aparatu sanitarioetan paratzea, dutxetan aginte tenporizatuak paratzea, prezioa murrizteko balbulak paratzea eta erabiltzeak kontzientziatzeko kanpainak egitea.
Baztan ibaira ura isurtzen duten hamar erreken inguruko ikerketa
Baztan ibaira doazen Aranea, Kordoba, Izpegi, Arla, Aintzialde, Iñarbegi, Urdanazpi, Askoa, Ariztegi eta Beartzun errekak aztertuta, «sekulako dibertsitate biologikoa» dutela ondorioztatu dute eta «eginkizun garrantzitsua dutela korridore biologiko gisa. Edozein moduz, arazoak atzeman dituzte eta horiek konpontzeko proposamenak egin dituzte:
• Ibilguak hobetu, lubetak eta hormak dituzten tarteak lehengoratuz.
• Uraren kalitatea hobetu.
• Ibaiertzak eta emari erregimena hobetu.
• Fauna babestu, zuhaitz helduak ongi kudeatuz, presa ttikiak ezabatuz eta erabiltzen ez diren alanbradak kenduz.
• Herritarrak informatu eta kontzientziatu.
• Erabilera egokien eskuliburuak egin: nekazaritza-abeltzaintza, kirola eta ludikoa. Enborrak kentzeko protokoloa landu eta abeltzainak sentsibilizatu mindek eragindako kutsadurak sortzen dituen kalteez eta ongarri, herbizida eta bertze produktuez.
• Eskolek bultzaturiko programa, ibaiak eta bazterrak garbitzeko beharraz ttikitatik kontzientziatzeko. Boluntario-saioak edo auzolanak sustatu ibaietako zaborrak kentzeko.
• Bidezidorren sarea proposatu ibai ondareko elementuen eremuak lotzeko, baita Elizondon eginen den ibai parkearekin ere.
• Tamaina haundiko hondakinak biltzeko zerbitzuak hobetu ibaira ez botatzeko, Baztango Ur batzordea sortu, ibai eta errekak kudeatzeko plan integrala egin...
JAKINGARRIAK
ERRENDIMENDUA
Ur sarearen errendimendua %35,34koa da Beran, Lesakan %39,53koa. %75eko errendimendua onargarria da. Iruñerriko Mankomunitateko sareak %90ekoa du.
PRESIO ALTUA
Sarearen presio estatikoa altua da Doneztebe, Bera eta Lesakako eraikinetan.
FAKTURAZIOA
Ur zerbitzuarekin fakturatua estatu espainiarreko batazbertzekoa baino %60 baxuagoa da Beran, %51 baxuagoa Lesakan.
BERA DEFIZITARIOA
Ikerketaren arabera, Berako ur zerbitzua defizitarioa da, %12,4ko finantza-defizita sortzen du. 2012an 266.230,62 euroko gastua sortu zuen ur zerbitzuak eta aldiz, 200.989,73 euroko diru-sarrera izan zen. 2013ra begira, gastua 247.827,45 eurokoa izanen zela aurreikusi zuten eta sarrera 212.524,49 eurokoa izanen zela.
ELIZONDOKO KIROLDEGIAN KONTSUMOA
Giltxaurdi Kirol Instalazioetan, erabiltzaileko batazbertzeko kontsumoa 85,5 litrokoa da eguneko. Kontsumo eraginkorra 40 litrokoa da erabiltzaile eta eguneko.
ELIZONDOKO ZAHAR ETXEAN KONTSUMOA
San Francisco Jabier Zahar Etxean erabiltzaileko batazbertzeko kontsumoa 288,4 litrokoa da eguneko. Kontsumo eraginkorra 200 litrokoa da erabiltzaile eta eguneko.
SENTSIBILIZAZIOA
Erabiltzaileek ura aurrezteaz kontzientziazio gutti dute.
LESAKAN ORAIN GASTUAK ESTALTZEN DITUZTE
Lesakako ur zerbitzua defizitarioa izana da. 2012an, zerbitzuak 146.432,84 euroko gastua sortu zuen eta fakturazioan 121.369,35 euro bildu ziren. Baina tarifak igo dituztenez, orain %11,96eko superabita utzi du. 2013ra begira, gastua 146.432,84 eurokoa izanen zela aurreikusi zuten eta sarrera 155.955,34 eurokoa izanen zela.
DONEZTEBE
Doneztebeko ekoauditoria egin bitartean, kontagailuak paratu zituzten halakorik ez zuten eraikinetan. Igerilekuetan eta eskola kontzentrazioan, adibidez. Kontagailuak paratuta, igerilekuko hodian ur isuri haundia atzeman zuten: eguneko ur emari arrunta 23 m3koa izanen litzateke, eta kasu honetan, 89 m3koa zen.
URAREN KALITATEA
Uraren kalitatea ona da, baina ekaitzak izaten direnean urak uhertasuna izaten duela ikusi dute Doneztebe eta Lesakako eraikin publikoetan egindako ekoauditorietan.