Nafarroako sokatira txapelketa azaroaren 1ean, larunbat arratsaldean Amaiurren jokatutako lehen saioarekin abiatu da. Gizonezkoak, zortzinaka, 640 kiloko kategorian eta emakumezkoak, seinaka, 375 kilokoan. Beti Gazte eta Amaiur-Berriozar taldeak nagusitu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan, Lesakako Beti Gaztek tiraldi guziak irabazi zituen (4 puntu). Amaiur bigarren izan zen (3 puntu), Txantrea hirugarren (2 puntu) eta Berriozar laugarren (puntu 1).
Emakumezkoetan, Berriozar-Amaiur izan zen lehena (3 puntu), Basaburua-Imotz bigarren (2 puntu) eta Txantrea hirugarren (puntu 1).
Datorren larunbatean, azaroak 8, pisu hauetako bigarren eta hondar jardunaldia jokatuko dute Berriozarko pilotalekuan, 18:00etatik aitzinera.
Ondotik, gizasemeen 600 kiloko txapelketa hasiko da, talde berekin eta txapelketa mistoa. Talde mistoak ere pisu bakarrean lehiatuko dira, 550 kilokoan. Zortziko taldeak izanen dira, lau gizonezko eta lau emakumezkoek osatuak eta Txantrea, Berriozar eta Amaiurrek eman dute izena.
Azaroaren 16an Aldatzen gizasemeen 600 kiloko eta txapelketa mistoaren lehen jardunaldia jokatuko da eta azaroaren 22an Lakuntzan, kategoria hauetako bigarren eta hondar jardunaldia.