Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatuta, Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hamaika jatetxek parte hartuko dute aurten Baztan-Bidasoko Ehizari buruzko 22. jardunaldi gastronomikoetan. Gure inguruan ehizatutako jakiak beteko dituzte jatetxetako eltzeak. Dagoeneko egutegian finkatua dagoen ekimena urriaren 31n hasi eta azaroaren 30era arte iraunen du.
Hauek dira ehizari lotutako menu bereziak eskainiko dituzten jatetxeak: Almandozko Beola, Arantzako Aterpe eta Burlada, Arizkungo Ordoki, Berako Zalain, Donamariako Benta, Elbeteko posada, Etxalarko Benta hotela, Iruritako Olari, Oizko Posada eta Oronoz-Mugairiko Urgain.
Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birigarroa, faisaia, basahatea, galeperra, eperra, orkatza, basurdea eta oreina dastatzeko aukera izanen da, gure gastronomiako osagai ospetsuez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak… eta bukatzeko, eskualdeko esneki tipikoak eta bertze postre zoragarriak ere.
Nafarroako ardoak plater hauen osagarri onak dira. Aurten ere, Iñurrieta bodega nafarrak, Pirineos Exdim-ekin batera jardunaldi hauetan laguntzen dute, Nafarroako Gobernuarekin batera.
Urteroko moduan, Bertizko Partzuergoak kartel bat eta menu guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu. Folletoak, jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragarri egonen dira baita www.consorciobertiz.org web orrian eta sare sozialetan. Bai euskarri hauetan bai jatetxeetan erabiltzen diren menu karpeta berezietan, urtero bezala, eskualdeko margolari baten margolana agertzen da. Oraingoan, Iciar Mikelperizenaren La Sorpresa del Doblete kuadroa agertzen da.
Urriaren 29an, asteazken eguerdian egin da aurkezpena Oizko posadan. Emaldi Ereño, Bertizko Partzuergo Turistikoko kudeatzailea; Ruben Garate, Jatetxeen Elkarteko lehendakaria eta Iciar Mikelperizena margolaria izan dira ekitaldian, Oizko Posadako Carlos Rebolleda eta Nekane Mitxelenarekin eta Pirineos Exdim-eko Carlos Leceagarekin batera .