1.156 lagun zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak urri hondarrean, irailean baino 14 guttiago (%1,20ko jautsiera). Ez da jautsiera nabarmena, baina kontuan hartzekoa da Nafarroa osoan 813 langabetu gehiago utzi dituela urriak (%1,76ko igoera) eta Bulego guztien artean Doneztebekoa bakarrik da langabetu guttiago dituena.
Urrian 638 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 57 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 538 lagun daude langabezian, irailean baino 8 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean irailean baino 18 langabetu guttiago dira, 499 langabetu denera. Langabezia 25 urtez beheitikoen artean jautsi egin da. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean 67 langabetu daude, irailean baino 3 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere 1 guttiago dago lanik gabe, 52 denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina urrian 10 langabetu guttiago dauzka, 772tik 762ra pasatuz. Industria arloan ere 13 langabetu guttiago daude, 168 denera. Eraikuntzan, aldiz, bortz langabetu gehiago daude, 127 guzira. Nekazaritzan ere zazpi lagun guttiago daude langabezian, 26 lagun, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 73 lagun daude langabezian, irailean baino 3 guttiago.
Joan den hilabetean bezala, urrian ere gehiago dira langabezia-prestaziorik kobratzen ez dutenak (591 langabetu, %51,12) kobratzen dutenak baino (565 langabetu, %48,88).