‘Entre Dios y la pelota’ liburua idatzi du Tiburcio Arraztoak

Margari eta Koro 2014ko urr. 30a, 14:57

Tiburcio Arraztoa, bere azken liburuarekin. Juan Mari ONDIKOL

Con la Iglesia hemos topado, liburuaren lehendabiziko atalak dioen bezala Elizak eta pilotak binomio uniber­tsala  osatzen dute.  Pilota eta elizaren arteko harremanak abiapuntutzat hartu ditu Tibur­tzio Arraztoak Entre Dios y la pelota liburua argitaratzeko.
Lau urteko doku­men­tazio lanaren ondotik pilota eta, batez ere,  laxoarekin maiteminduta dagoen egile honek historikoki apezek pilota munduarekin izandako harremanak harilkatu ditu. Liburutik azpi­ma­rratzen ahal diren kapituluen artean honako hauek dira: joku honen udal arautegia, elizak eza­rritako debekuak, ape­zek nola  saihesten zituzten debeku horiek, pilota jokuak eremu sakratuetan (eliza atarietan, kanposantuetan), enparantza eta frontoien inaugurazioetan zer nolako bedeinkazioak egiten ziren, apustuak, pilotaren patroiak (San Francisco Javier…). Erabilitako iturriek eta dokumentatutako materialek liburuari balioa ematen diote, baina bi­txikeriek eta hurbileko testigantzek irakurketa atseginagoa erraz­ten dute. Testigantza horietan hainbat apezek egindako ekarpenak ere azpima­rratu behar dira. Azken finean, historia nagusiaren gertutasuna jende apalak egiten baitu. Liburuan ager­tzen diren 100 argazki baino gehiagok ere testuaren balioa eta indarra eder­tzen dute. 
 
PILOTARI LOTUTAKO IBILBIDE OPAROA
Liburu honekin Tiburtzio Arraztoak osa­tzen du bere liburu eta dokumentu bilduma, pilota eta laxoari buruzko beste 4 liburu eta doku­mental bat egin baititu. Iruritan jaioa baina duela anitz Donezteben finkatutako irakasle jubilatu honek ttikitatik, batez ere, Jesus Jaimerena apezarengandik jaso du pilota eta laxoarekiko zaletasuna, maitasun bihurtu dena.  Honi esker Arraztoak la­xoa­­ren inguruan egindako lan emankorra  aski ezaguna dugu denok. Espero dezagun bere pilotakaden oihartzuna  anitz urtez entzutea  bai gure frontoietan nola argitalpen gehiagotan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun