Euskal Herriko aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatuko da urriaren 26an, igande eguerdian Beasainen. Historian lehen aldiz ez da aizkolari nafarrik izanen finalean. Bortz gipuzkoar (Joxemari Olasagasti, Jon Irazu, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño eta Joseba Otaegi) eta Aitzol Atutxa bizkaitarra lehiatuko dira txapelaren bila.
Berez, Etxarri-Aranazko Floren Nazabal aritzekoa zen, bigarren izan baitzen kanporaketan, Aitzol Atutxare gibeletik. Halere, disko-herniak oinazeak sortzen dizkio eta hori nabarmen gelditu zen Nafarroako txapelketaren finalean. Txapela irabazi zuen bederatzigarren aldiz, baina min horrekin Euskal Herriko txapelketaren finalean ez zela arituko adierazi zuen eta halaxe gertatu da. Berez, kanporaketan zazpigarren izan zen Ander Erasun aurtiztarra aritzekoa zen finalean, baina beretzat finalekoa lan handiegia dela aipatu du eta azkenean, kanporaketan zortzigarren izan zen Jon Irazuk hartuko du bere lekua.
Olasagasti eta Rekondoren arteko apostua
.jpg)
Final handia baino egun bat lehenago, larunbat eguerdian hitzordua dute Tolosako Kantabriko ostatuan Joxemari Olasagasti eta Jon Rekondok. Apostu berri bat ixteko asmoa dute. Leitzarrak Donato Larretxeari bota zion erronka, 60 ontzako hamasei enborrekin apostua egiteko, baina Larretxeak ez zuen onartu. Joan den astean Olasagastik tentatu zuen Rekondo eta badirudi izan daitekeela aposturen baterako aukera.