Osasun etxe eta liburutegietan euskarazko zerbitzuak bermatzeko ez du neurririk hartuko Nafarroako Parlamentuak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 24a

Jon Abril eta Eneka Maiz izan ziren UEMAko ordezkariak Parlamentuko agerraldian. Utzitako argazkia

Eskari hori egina zion UEMAk urriaren 15ean egindako agerraldian

Administrazio publikoko lanpostuei hizkuntza eskakizuna ezartzeko eskatu zuen UEMAk Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Saileko batzordean urriaren 15ean egindako agerraldian. Astebete beranduago, urriaren 23an Bildu eta Aralar-NaBai taldeek aurkeztuta, UEMAren eskaerak jasotzen zituen mozioa eztabaidatu zuten Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. Mozioak, I-E eta Geroa Bairen babesa jaso bazuen ere, ez zen nahikoa izan aurrera ateratzeko. UEMAk salatu du «hankamotza suertatuta ere, indarrean dagoen euskararen legea bera ere garatzeko eta betetzeko ez dutela inolako borondate politikorik, ez UPNk, ez PPk, eta ezta PSNk ere».

UEMAk oso larritzat jo du mozioa atzera bota izana: «Parlamentuak, beste behin, entzungor egin dio herritarren eskaerei, eta udalerri euskaldunek proposatutako neurriak ez ditu aintzat hartu. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzen jarraituko du, eta Nafarroako euskaldunak babesik gabe utzi». UEMAk udalerri euskaldunetako osasun etxe eta liburutegietako egoeraren gainean egindako azterketek argi erakutsi dute zer nolakoa den Nafarroako egoera: «Agerian gelditu da Nafarroako Gobernuak sistematikoki urratzen dituela legeak herritarrei aitortzen dizkien hizkuntza eskubideak». UEMAk dioenez, «Nafarroak bestelako hizkuntza politika bat behar due, integratzailea, herritar guztien hizkuntza eskubideak aintzat hartuko dituena, eta hizkuntzaren iraupenerako, garapenerako eta zabalkunderako baliagarria izanen dena».

Errealitate honen aurrean, lehenik eta behin, egoeraren larritasuna azaleratu nahi du UEMAk: «Baina, etsipenean erori gabe, herritarrei dei egin nahi die legez dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatu eta exijitzen jarraitzeko. Bide horretan, UEMAren eta UEMAko kide diren udalen babes osoa izango dute. Eta jakinarazi nahi dugu UEMAK euskara sustatzeko lanean jarraituko duela, euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzen, herritarrek euskaraz bizitzeko duten eskubidea oinarri hartuta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun