Sei bikote ariko dira binakako 44. erremonte txapelketa ofizialean, joan den urtean Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek jantzi zuten txapelaren bila: Urriza eta Agirrezabala, Zeberio II eta Barrenetxea IV, Ezkurra eta Ion, Etxeberria IV eta Etxeberria III, Uterga eta Agirrezabala eta Ezkurra II eta San Miguel.
Bikote guztiek badute binaka txapeldun izandako erremontelariren bat: Ezkurra (1994, 1999 eta 2006), Ion (2011 eta 2013), Etxeberria III (2010) Zeberio II (1998, 2001, 2003, 2004, 2005, 2009 eta 2011), Barrenetxea IV (2012), Urriza (2007, 2008, 2010 eta 2012), Uterga (2013) eta San Miguel (2006 eta 2008). Debutari bakarra izanen da, Ezkurra II. San Miguelekin bikote eginen du eta ilusioz hartu du txapelketarako deia: «Azken aldian ongi ari naiz jokatzen eta berria eman zidatenean ilusioz hartu nuen. San Miguel arras ongi ezagutzen dut, frontoi laburrean pare bat txapelketetan parte hartu eta bietan finalera ailegatu gara. Galarretan ere bikote ona osatzen ahal dugula uste dut. Julenek lasaitasuna ematen dit, badakit eta bizkarrak ongi zainduak ditudala. Nere jokua hori da eta tantuak lehenbailehen akitzen saiatuko naiz».
Koteto osabaren kontra ere aritu beharko du: «Zoragarria litzateke elkarren kontra finalean aritzea, baina hori urrun dago oraindik eta zail izanen da», aipatu du Ezkurra gazteak.
Urriaren 23an hasi eta azaroaren 22an akituko den ligaxka denek denen kontra jokatuko dute eta lau lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako txartela. Finalerdiak azaroaren 29an hasita jokatuko dira eta hiru partidetatik bi irabazi beharko ditu abenduaren 20ko finalean izan nahi duen bikoteak.