Urbasako Bardoitzara ateraldia antolatu du Senpereko Hatsa elkarteak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 22a

Urbasako Bardoitza inguruan ibiliko dira olerkari eta mendizaleak Artxiboko argazkia

Larraldeatik abiatuta egunpasa antolatua dute iganderako, bista ederrak eta olerkiak lagun

Senpereko Hatsa Elkarteak antolatuta Bardoitzara (Urbasa) ateraldia eginen da urriaren 26an. Igandean 08:30ean dute hitzordua Larraldean eta egunpasa eginen dute, olerkiak irakurriz, txalaparta, Legaireko jentilbaratzak eta Lezea bisitatuz, Mirutegiko gailurrean bazkalduz…

Senpereko Hatsa Elkarteak antolatuta Bardoitzara (Urbasa) ateraldia eginen da urriaren 26an. Igandean 08:30ean dute hitzordua Larraldean eta egunpasa eginen dute, olerkiak irakurriz, txalaparta, Legaireko jentilbaratzak eta Lezea bisitatuz, Mirutegiko gailurrean bazkalduz…

Senpereko Larraldean ez ezik, 08:30ean Pausuko Xaia ostatuan, 09:00etan Donostiako Anoetako Xanti jatetxe aurrean eta 10:00etan Irurtzungo eliza aurrean dituzte hitzorduak. Azken honetatik, denak elkarrekin abiatu eta 11:00etan Bardoitzako ordokian bilduko dira, Edu abaleta gidari dutela. Bertan, Bardoitzako Anderearen aurrean olerki irakurtaldi, eta, txalaparta saio bat eginen dute. Eguerdian Urbasako ordokiko bordetan hamaiketakoa eginen dute. Norberak berea eraman behar du. Bordetan edariak, kafeak eta ardi-gasna saltzen dute. 12:30ean Legaireko jentilbaratzak bisitatu eta 14:00etan biziki bista ederra duen Mirutegi mendiko gailurrean bazkalduko dute.

16:30ean Araia ondoko Lezea izeneko leize-zulo ikaragarri handia bisitatuko dute. Ondoren eta bukatzeko, Araian den Joan Perez Lazarragaren jauregia ikusiko dute kanpotik, pribatua baita. Hatsa Elkartetik diotenez, «hauxe da gure literaturan bigarren idazlea, Bernart Etxepare eta gero. Bere liburua eskuz idatzi zuen, Dianea izenez deitzen duguna, eta duela sei edo zazpi urte topatu zuten». Hortik aitzina, itzulerako bideari ekinen diote.

Izenen emateko eta argibideentzat: olerkibilduma@sfr.fr

Hatsa elkartetik olerki baten ekartzea eta bertan irakurtzea eskatua zaie olerkariei, «ahal bada, ama-lurrarekin edota euskal mitologiarekin loturiko olerki bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun