Tiburcio Arraztoak 'Entre Dios y la pelota' liburua aurkeztu du

TTIPI-TTAPA 2014ko urr. 20a, 14:04

Tiburcio Arraztoak Iruñeko Labriten aurkeztu zuen bere azken liburua. Mikel Saiz / Diario Noticias

Elizaren eta pilotaren arteko harremana landu du bere hirugarren liburuan

Iruritan sortu eta aspaldiko urteetan Donezteben bizi den Tiburcio Arraztoak liburu berri bat eman du argitara: “Entre Dios y la pelota” (Jaungoikoa eta pilotaren artean). Urriaren 17an, ortziralean egin zuen aurkezpena Iruñeko Labrit piilotalekuan eta Iruritako Jauregian.

Iruritan sortu eta aspaldiko urteetan Donezteben bizi den Tiburcio Arraztoak liburu berri bat eman du argitara: “Entre Dios y la pelota” (Jaungoikoa eta pilotaren artean). Urriaren 17an, ortziralean egin zuen aurkezpena Iruñeko Labrit piilotalekuan eta Iruritako Jauregian.

Laxoa elkarteko buru da Tiburcio Arraztoa, baita laxoan aritu izandakoa ere eta kirol honi buruz bi liburu idatzi ditu lehendik: Guante-Laxoa, la modalidad mas antigua de la pelota vasca eta Laxoa, la pelota en la plaza. Gainera, Txuma Primekin batera Laxoaren Gida ere eman zuen argitara.

Orain, Entre Dios y la pelota liburuan, euskal pilota eta elizaren arteko izan diren harremanak azaltzen dizkigu. Iruñean egindako aurkezpenean, Montxo Iriarte, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea eta Pruden Indurain, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendari kudeatzailea izan zituen lagun.

Entre Dios y la pelota liburua 2010ean argitaratu zuen Laxoa. La pelota en la plaza bere aitzineko liburutik sortutakoa dela adierazi zuen Arraztoak. Orduan ere, elizak, apezak, Angelusak… laxoan eta pilotan izan duten garrantziaz ohartu zen eta bertze liburu baterako gaia bazuela pentsatu zuen. Apezak pilotariak, antolatzaileak, apostulariak edo, bertzerik gabe, ikusleak izan dira eta batzuk arazoak izan zituzten pilotan aritzeko sotana kentzen zutelako. «Arras aberasgarria izan da niretako pilotan aritu ziren apezekin solastea, pilotazale handiak ziren eta dira… Lau urteotako gauzarik aberasgarriena hori izan da». Iruñeko diozesiko artxiboan ere gai honi buruzko albisteak eta anekdota ugari bildu ditu. Apez pilotarien atala izan da Arraztoarentzat politena, baina erreibindikaziorako tartea ere badu liburuak, frontoietatik desagertu den Angelusa medio. Arraztoarentzat ez da bakarrik erlijioari edo katolikoei lotutako ohitura, pilotaren tradizio bat baizik eta berreskuratu beharko litzatekeena.

Tiburcio Arraztoaren Entre Dios y la pelota liburua Artika argitaletxeak eman du argitara eta dagoeneko 25 eurotan salgai dago liburudendetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun