Javier Mariezkurrena gidariak eta Doneztebeko Ederki Tailerreko eskuderiak adio erran diote denboraldiari baita kamioi karreren zirkuitoari ere. Asteburu honetan Frantziako Le Mans zirkuito famatuan egin zituen azken karrerak eta oraingoz, ez dute aitzinera gehiagotan parte hartzeko asmorik, hamabi denboralditan zirkuitoetan ibili ondotik.
Taldearen azken denboraldia ez da ohikoa izan. Joan den urtera arte erabilitako kamioia saldu zuten eta honenbertzez zirkuitoa uztea pentsatu zuten iaz, «baina saltzerakoan akordio batera ailegatu ginen eta aurten lau karrera egin ditugu piloto bat behar zuen Frantziako Lion Truck Racing taldearekin eta errentan hartutako kamioi batekin».
Europako txapelketako bederatzi karreretatik lautan atera da Mariezkurrena. Ekainean etxean, Los Arcosen eta Nogaron (Frantzia) eta urriaren 4 eta 5ean Jaraman (Espainia) eta urriaren 11 eta 12an Le Mansen. Halere hamabosgarren postua lortu du sailkapen orokorrean eta Steffi Halm taldekidearekin batera seigarren postua lortu dute taldekako sailkapenean. Le Manseko azken karreran hamekagarren postua lortu zuen. Gainera, Jaramako asteburuan bi karreratan hirugarren postua lortu zuten eta honenbertzez, Espainiako txapelketan ere hirugarren izan zen Mariezkurrena.
2003an hasi zen Javier Mariezkurrena kamioi gidaria eta Doneztebeko Ederki Tailerreko taldea Europako zirkuitoko karreretan parte hartzen. Hamabi denboraldi osatu dituzte, bere gazi-gozoekin. Unerik onenaz galdetzerakoan, «dudarik gabea 2011n Nogaroko karrera irabazi genuenean, hori lortu zuen lehenbiziko talde pribatua izan baiginen, poza handia izan zen» erantzun digute taldekideek. 2012an ere bigarren postua lortu zuten Nogaron.
Zirkuitoak betirako utziko dituztela aipatu digute, «baina bertze zerbait egitea, nork daki».
Mariezkurrenak eta Ederki Tailerreko taldeak eskerrak eman nahi dizkiete «gure taldearen ondotik laguntzen eta animatzen ibili den jende guztiari eta Javierren fans klubari».