Nazabalek bederatzigarrena jantzi du

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 16a

Floren Nazabal txapelduna eta Jon Rekondo eta Oihan Larretxea podiumean. Diario Noticias

Jon Rekondo bigarren eta Oihan Larretxea hirugarren izan ziren Etxarrin

Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatu zen urriaren 5ean Etxarri Arana­tzen. Pronostikoak bete eta bederatzigarren aldiz txapela jantzi zuen Floren Nazabalek, herriko semeak. Jon Rekondo leitzarra azpitxa­peldun izan zen eta Oihan Larretxea hiruga­rren.
 
Aizkoran belaunaldi berria badator, baina oraindik ere Floren Nazabalek bertzeen gainetik koxka bat edo bi goitiago dagoela erakutsi zuen berriz ere Etxa­rri Aranatzen. Aizkolariek launa kanaerdiko, launa 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten eta Etxa­­rrikoa, oinazeekin baldin badabil ere, hasieratik ibili zen aitzinetik. Lehen postu horretarako ez zen emozio handirik izan eta azkenean, 33 minutu eta 33 segundotan akitu zituen lanak, iaz Doneztebeko finalean baino 5 minutu gehiago behar izan zituen. «Asko sufritu dut» aipatu zuen txa­peldunak, disko-herniarekin minekin baitabil eta horrela segitzekotan, ez omen du urriaren 26an Beasainen jokatzekoa den Euskal Herriko finalean parte hartuko.
 
Bigarren posturako lehia gehiago izan zen Jon Rekondo eta Oihan Larretxearen artean, baina azkenean leitza­rra izan zen azpitxapeldun, iaz bezalaxe. 35 minutu eta 46 segundo behar izan zituen lana burutzeko, txapeldunak baino bi minutu luze gehiago. Oihan Larretxeak 48 segundo beranduago bukatu zuen lana, 36 minutu eta 34 segundotan. Laugarren postua Ruben Saralegi leitzarrarentzat izan zen eta bosgarren postua Ander Erasunek eskuratu zuen. Aurtizta­rra ere arazo fisikoekin dabil eta ez zuen bere onena ematerik izan.
 
SAILKAPENA
1. F. Nazabal   33:33
2. J. Rekondo   35:46
3. O. Larretxea   36:34
4. R. Saralegi   38:04
5. A. Erasun   40:39
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun