Frantziako gobernua legea aldatzekotan da sendagai batzuk supermerkatuetan eta internet bidez saltzeko eta horrek farmazialarien haserrea sortu du. Buruilaren 30ean, Ipar Euskal Herriko 10 botiketatik 9 hetsiak egon ziren, horien artean Senperekoak. Arratsaldean 300 bat profesional bildu ziren Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkaritzaren aintzinean eta hantxe zegoen bertzeak bertze Evelyne Poncini 1999az geroz Senperen lanean ari den farmazialaria. Botikari hunek ez du batere begi onez ikusten lege aldaketa, bere ustez aholkurik ez baizaie eskainiko bezeroei supermerkatuetan, gehiegikeria frango gertatuko baita eta horrek arriskuak haundituko baititu kontsumitzaileentzat. Evelyne Poncinik azpimarratzen du farmazialari aunitzen diru iturriak apalduko direla eta hori arazo haundia izanen dela gazteentzat ez baitituzte oraino ordaindu lanean aritzeko egin zituzten diru prestamu guziak. Arau berriekin gaur egun duena baino toki haundiagoa beharko du eta horregatik Ibarrun aldeko Lizardia komertzio gunerat joanen da Evelyne Ponciniren farmazia 2015eko urte hastapenean.