Bete beharko ez diren 4 hilabeteko presondegi zigorra ematea eta urte batez gida baimena kentzea deliberatu du Baionako epaitegi korrekzionalak iazko abenduan Helbarrun auzoan autoz haur bat jo eta hil zuen azkaindarraren kontrako aferan. Istripua Herrixka alde hortan gertatu zen mutiko batek bidea zeharkatzen zuelarik oinezkoen pasabidetik autobusa hartzeko. Azkainetik zetorren gidariak ez zuen mutila ikusi goizeko 7:30 baitziren eta argi guti baitzen gune hortan. Nicolas Lartigue 12 urteko senpertarra Baionako ospitalerat eraman zuten helikopteroz baina bertan hil zen oren batzuen buruan.
Epaiketatik ateratzean biktimaren gurasoek erran zuten lasaiago sentitzen direla orain. Badakite Nicolas ez zaiela itzuliko eta nekez bizi dute dolua aldizka ospitalerat joan behar baitute medikuek beren burua zain dezaten. Erakutsi zaien elkartasuna bihotzetik eskertu dute aitamek. Istripua izan zenetik segurtasun neurriak hobetu dira toki hortan eta abiada muga apaldu bainan Nicolasren gurasoek diote jende ainitzek lege hausteak egiten dituela orain ere, hil zen mutikoarentzat emanak diren loreen ondoan.
Defentsak gidariaren xuritzea galdetzen zuen eta ez du baztertzen helegitea aurkeztea. Urriaren 7an hamar eguneko epea hasi zen errekurtso hori plazaratzeko bainan lerro hauek idazten ziren momentuan abokatuek ez zuten oraindik deusik egin zentzu horretan.