Dagoeneko 90 familia inguru daude apuntatuak auzo-konposta egiteko, Malerrekan une honetan dauden 10 auzo-konpostaketa eremuetako erabiltzaile bihurtuta: Donezteben 47 familia dira eta lau gune martxan dira: Elizagibela, Zazpigurutze, Mourges etorbidea eta Rosa Seminario; Iturenen gune bat eta 2 familia; Zubietan gune bat eta hiru familia, Legasan gune bat hiru familiarekin eta Sunbillan 19 familia bi gunetan (Gindal karrika eta Leku Eder).
Datu hauek utzi ditu Malerrekako Mankomunitateak otsailean abiatu eta ekainean akitu zen kanpainak. Konpostaje kanpaina honek bi zati izan ditu. Lehendabizikoan, Sunbilla, Elgorriaga, Ituren, Zubieta eta Donezteben murgildu ziren. Herri horietan gutun bat bidali zen etxe guztietara eta bilera informatiboak burutu ziren: konposta aukeraren zergatia azalduz (zergatik konposta eta ez atez atekoa edo bosgarren edukiontzia); heziketa jardunaldiak burutuz eta herritarrek planteatzen zituzten zalantzak eta galderak argituz. Aldi berean bertze bilera bat egiten zen konpostajearen prozesuan sakonduz eta materiala banatuz (konpost-ontzia, aireagailua eta gida txiki bat). Apirilean eta maiatzean bigarren faseari ekin zioten (Doneztebe, Donamaria, Oitz, Urrotz, Beintza-Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra eta Bertizaranan) lehendabiziko faseko lan ildoa jarraituz.
400 FAMILIA GEHIAGOTAN ETXEKO KONPOSTA EGITEN DA
Eremu edo gune hauetaz gain, aipatu behar da 2014an Malerrekan ia 400 familietan banatu direla etxe konpost-ontziak. Gogoratu behar da bazela jendea konposta etxean egiten zuena, 2010 urteaz geroztik zonaldeko interesatuei Mankomunitatea konpost-ontziak banatzen ari baita. Urte hauetan, 2010.urtetik 2014. urtera, 150 ontzi inguru banatu dira eta dagoeneko azpimarratzen ahal da Malerrekako %25 familiek konposta egiten dutela. Ontziak eskuratzeko aukera oraindik bada, horretarako Mankomunitatetik pasatu behar da.
PROIEKTU PILOTUA
Aipatu behar da konposta egiteko proiektu pilotu hau Nafarroako Hiri hondakinen Partzuergoarekin elkarlanean sortutakoa dela eta bere helburu nagusia hiri hondakin solidoen bolumena murriztea dela, zaborraren %30-40 birziklatu daitekeen materia organikoa baita. Helburu hori lortzeko Nafarroako Legediaren barrenean Hondakinen Kudeaketarako Planak ezarritako zenbakiak jomuga du (gaur egun sortzen diren hondakinak %10ean gutxitu eta bio-hondakinen bilketa bereizia martxan jartzean, hauen %50a biltzeko helburuarekin).
Erabiltzaileek, nahi izanez gero, prozesua gainbegiratzeko laguntza teknikoa eskatzen ahal dute, parte hartzaileen etxeetara bisitak ere egiten dira prozesuaren martxa aztertzeko, eta, orokorrean, erabiltzaileek izaten ahal dituzten galderak eta zalantzak argitzen dira. Hau guzia kudeatzeko Mankomunitateak zabor teknikaria badu. Argibide gehiago izateko edo konpostagailua jasotzeko 948 45 17 46 telefonora deitu behar da. Horretaz gain, Malerrekako Mankomunitateko web orrian gai honen inguruko gida eta informazioa agertzen dira, bai gaztelaniaz, baita euskaraz ere (www. malerrekakomankomunitatea.com).