Kide berriak izendatu ditu Onddo eta Zizen Kofradiak

Mattin LARRALDE 2014ko urr. 16a, 10:07

Onddo eta Zizen Kofradiako kide berriak, izendapenaren ondotik. Alicia DEL CASTILLO

Julen San Miguel erremontelaria eta Lander Santamaria kazetaria, bertzeak bertze

Julen San Miguel Doneztebeko erremontelaria, Lander Santamaria Elizondoko kazetaria, Ana Casares atleta, Eloy Moreno idazlea  (El boligrafo verde elebe­rriaren egilea, bertzeak bertze), Helena Bonhome gastronomiako blogaria eta Gregorio Giménez Romero, Kataluniako pentsiodunen elkarteko demokratikoko presidente ordea dira Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak. Halaxe izendatu zituzten urriaren 5an Elgorriagan Kofradiak egin zuen hogeita batgarren besta egunean. 
 
Ekitaldia, Iruñeko Santa Maria La Realgo ahots lodien abesba­tzak kantatutako mezaren ondotik egin zen eta ospakizunean, bertze hainbat kofradietako kideek ere parte hartu zuten. Zubietako joaldunak eta txaranga ere ka­rrikaz karrika ibili ziren.
 
Juanito Mariezkurrenaren omenez egindako kaxuela lehiaketarako onddoak kanpotik ekarri behar izan dituzte aurtengoan, oraingoz ez baita onddo eta ziza gehiegirik gure mendietan. Halere, 200 bat kilo sukaldatu eta dastatu zituzten Elgorriagan, «gehienak Ultzamatik eka­rriak».
 
Ondoren, San birila hotelaren izenean, pisu handiena zuen onddoaren lehiaketa egin zen lehen aldiz eta oraindik gutti agertu direnaren seinale, bi aurkeztu zituzten. Lehen postuan Cristina Olazar geratu zen eta beretzat izan zen saria: Sueño San Birila izeneko aste bukaera hotelean. Ondotik, lehiaketan egin ziren on­ddoak, gazta, urdaiazpikoa eta txistorra dastatzeko aukera izan zuen plazara bildu zen jendeak. Besta akitzeko, bazkaria izan zen bainu etxean.Txarrena, eguraldi pattala izan zela goizez eta onena, be­rriz, eguna borobila izateko Onddo eta Zizen Kofradiak egindako lan bikaina. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun