Malerrekako Mankomunitateak liztor beltzaren (vespa velutina) kontrako kanpaina abiatu du, «ingurumenaren etsaia, denen etsaia» delakoan eta herritarren laguntza ezinbertzekoa dela jakinarazi dute. Horretarako, informazio biorriko bat argitaratu dute eta ttipi-ttapa aldizkariarekin batera banatuko da. Bertan, intsektu kaltegarri honi buruzko informazioa ematen da, zer egin dezakegun, tranpak egiteko modua eta habiak aurkitu eta suntsitzeko moduak agertzen dituzte.
Izan ere, udazkenean, hostoak erortzean errazago ikusten dira habiak. Aurten guttiago direla uste dute adituek, baina komeni da neurriak hartzea. Norbaitek habiren bat harrapatuko balu eta tokia edo arbola zeharkako marra batekin markatu gabe baldin badago, Malerrekako Mankomunitatera (948 451746) deitu behar du, habia non dagoen azalduz. Arduradun batek lokalizatu eta markatuko du eta habia pozoitzeko egoki prestatuak diren langileak eta Mankomunitateko arduraduna joanen dira eta eginen dute egin beharrekoa. Ondotik, x marka jarriko dute.
Hau dena erregin berriak (kolonia sortzaileak) habitik alde egin baino lehenago egin beharko da (abendu aitzinetik) eta Malerrekako Mankomunitateak koordinatuta.