Nafarroako arpana txapelketa mistoa jokatu da bigarren urtez. Aurten ere, Igantziko besten baitan jokatu da txapelketa eta parte hartu duten sei bikoteren artean, Baztan-Bidasoko Gure Kirolen Klubean aritzen diren Nerea Sorondo beratarra eta Xabier Urrutia arraioztarra nagusitu ziren. Beuntzako Mikel Eugi eta Sakanako Irati Astondoa bigarren izan ziren eta Berako Amaia Garcia eta Arraiozko Daniel Saldias hirugarren. Bi bikote hauen artean segundo erdiko aldea izan zen.
Bikote bakoitzak 10 ebaketa egin behar zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Ondotik sailkatu ziren Lezagungo Ana Lopez eta Larragetako Alberto Oteiza, Iberoko Adrian Berruezo eta Lezaungo Itziar Nuñez eta Berriozarko Oier Aizkorbe eta Ilargi Gonzalez. Abiadurako proban (korte bat zeinek azkarrago eman), Ana Lopez eta Alberto Oteiza nagusitu ziren.
HERRI KIROL JAIALDI BIKAINA
Baina Nafarroako arpana txapelketa mistoaz aparte, herri kirol jaialdi bikaina ikusgai izan zen irailaren 27an Igantzin. Inaxio Perurena aritu zen harri jasotzen eta herriko gazteek, bi taldetan banatuak, proba konbinatu polita eskaini zuten, lasto altxatzen, zaku lasterketan, koxkor biltzen eta arpanan, bertzeak bertze.
SAILKAPENA
1. Nerea Sorondo-Xabier Urrutia 4:32
2. Irati Astondoa-Mikel Eugi 4:55:31
3. Amaia Garcia-Daniel Saldis 4:55:82
4. Ana Lopez-Alberto Oteiza 5:13
5. Itziar Nuñez-Adrian Berruezo 6:06
6. Ilargi Gonzalez-Oier Aizkorbe 6:08