Eskualdeko Emakumeen Arreta Zentroa lehen zegoen tokian jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 10a

Berriz ere Elizondoko Osasun Zentroaren beheitiko aldean jarriko omen dute Emakumearen Arreta Zentroa, baina oraindik ez dute datarik finkatu. Iñaki Atxa

Baztan-Bidasoaldeko udal hautetsiek Oronoz-Mugairin jartzea eskatua zuten

Baztan, Bertizarana, Malerreka, Sunbilla, Bortziriak eta Urdazubi eta Zugarramurdiko emakumeak artatzen dituen Arreta Zentroa berriz ere Elizondoko Osasun Zentroaren beheitiko aldean jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak eta ez Oronoz-Mugairin, Baztan-Bidasoaldeko 15 udaletako ordezkariek eskatua zuten bezala. Honela jakinarazi dute alkate eta zinegotziek urriaren 7an Malerrekako Mankomunitatean eskainitako prentsaurrekoan.

Baztan, Bertizarana, Malerreka, Sunbilla, Bortziriak eta Urdazubi eta Zugarramurdiko emakumeak artatzen dituen Arreta Zentroa berriz ere Elizondoko Osasun Zentroaren beheitiko aldean jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak eta ez Oronoz-Mugairin, Baztan-Bidasoaldeko 15 udaletako ordezkariek eskatua zuten bezala. Honela jakinarazi dute alkate eta zinegotziek urriaren 7an Malerrekako Mankomunitatean eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi zutenez.

Gogoratu behar da uztailaren 4an Baztanen gertatutako uholdeen ondorioz Elizondon zegoen eskualdeko emakumeen arreta zentroa erabili ezinik gelditu zela. Udal hautetsiek errandakoaren arabera, «uholdeen aurretik zuen kokapena mantentzea ezinezkoa zela adierazi zigutenez eta zonaldeko emakumeak Burlatara joan behar zutenez zerbitzua jaso ahal izateko, zentro hau berriz martxan jartzea presazkoa zela iruditzen zitzaigun eta horregatik lehenbailehen soluzio bateratu bat bilatzen saiatu ginen».

Elizondoko Osasun Zentroko tokiak arriskua zuela ikusita, bertze kokapen bat lehenbailehen bilatzearen beharra ikusten zuten udal ordezkariek. Behin behineko kokapena bezala, Elizondoko Benito Menni ospitaleko eraikinetan jartzea erabaki du Osasunbideak. Eskualdeko udalen ustez, «besterik ezean, behin behineko soluzio egokia izan arren, behin betiko kokapenaren tokia topatu eta eskualdeko emakumeen zentroa lehenbailehen jartzearen beharra ikusten dugu».

Eskualdean toki berria proposatzerakoan udalerri bakoitzak dituen eraikinak, erdigunetik hurbil egoteak eta sarbide egokiak izatea kontutan hartu zuten. Hau dena ikusita, eskualdeko 15 udaleri, Igantzi, Bertizarana, Arantza, Beintza-Labaien, Sunbilla, Bera, Ituren, Lesaka, Oiz, Etxalar, Urroz, Baztan, Donamaria, Zubieta eta Ezkurrari, Oronoz–Mugairin Nafarroako Gobernuak duen eraikinean beheko solairua egokia iruditu zitzaien kokapen bezala. Emakume zentroko langileekin ere solastu zuten eta kokapena egokia izan daitekeela iritzi dute. Bertzalde, Oronoz-Mugairiko urgentzizko puntua egonkortzeko eta zabaltzeko aukera ematen du eraikin honek. Aldi berean diren baliabideak modu arduratsuan erabiliz eta zerbitzua mantenduz edota hobetuz.

Udal ordezkariek Osasun Kontseilariari hitzordua eskatu zioten egoera azaldu eta proposamen hau aurkezteko asmoz, eta urriaren 3an Osasunbideako Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariarekin, Fernando Balduz Ugarrizarekin bildu ziren. Udal ordezkariek aipatu dutenez, «guk gure eskakizuna azaldu ondoren, Emakumeen Arreta Zentroa uholdeen aurretik zegoen eraikinean mantentzea erabaki dutela helarazi zigun eta datozen hilabeteetan bertara itzultzeko asmoa agertu digu, hori noiz gauzatuko den data zehatzik eman ez zuen arren».

Jasotako erantzunak harridura eta nolabaiteko kezka sortu die Baztan-Bidasoaldeko hautetsiei, «ez dugulako ulertzen hiru hilabeteren ondoren Nafarroako Gobernuaren azalpena. Azkeneko hilabeteetan Osasunbideako Ordezkariek, Elizondoko Osasun Zentroko beheko solairua erabili ezinik geldituko zela adierazi zigutenez, bertze kokaleku bateratu bat bilatzeari ekin genion eta orain segurtasun eta egokitasun arazorik ez omen dagoela azaldu dute eta bertze proposamenik onartzeko aurrekonturik aurreikusirik ez izateak erabaki hori hartzera bultzatu omen ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun