Julen San Miguel Doneztebeko erremontelaria, Lander Santamaria Elizondoko kazetaria,Ana Casares atleta, Eloy Moreno idazlea, Helena Bonhome gastronomiako blogaria eta Gregorio Giménez Romero, Kataluniako pentsiodunen elkarteko demokratikoko presidente ordea dira Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak. Halaxe izendatu zituzten urriaren 5an Elgorriagan Kofradiak egin zuen hogeita batgarren besta egunean.
Ekitaldia, Iruñeko Santa Maria La Realgo ahots lodien abesbatzak kantatutako mezaren ondotik egin zen eta ospakizunean, bertze hainbat kofradietako kideek ere parte hartu zuten. Zubietako joaldunak ere karrikaz karrika ibili ziren.
Juanito Mariezkurrenaren omenez egindako kaxurla lehiaketarako onddoak kanpotik ekarri behar izan dituzte aurtengoan, oraingoz ez baita onddo eta ziza gehiegirik gure mendietan. Halere, 200 bat kilo sukaldatu eta dastatu zituzten Elgorriagan, «gehienak Ultzamatik ekarriak».