Dagoeneko martxan da ikasturte honetan ere Solaslaguna egitasmoa, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko doako programa. Talde txikietan (normalean launaka edo bosnaka), astean behin eta gutxienez ordu betez bildu ohi dira.
Malerrekako, Bortzirietako eta Baztango Solaslaguna 2007an sortu zen.
Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute. Jarduera osagarriak ere egiten dituzte, hala nola eskualdeko gainontzeko solaslagun taldeekin irteerak, afariak, kirol ekintzak, Mintza Eguna…
2013-14 ikasturtean, Baztan, Bortziriak eta Malerrekan 87 solaslagunek eman zuten izena eta 17 talde osatu ziren. Horietatik %95ak programan segituko du.
Izen emateko eperik ez da eta nahi denean apunta daiteke. Informazio gehiago Solaslagunaren Txokoan (solaslaguna@topagunea.org, 610 920673 telefonoan), Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan, baita Bortzirietako Euskara Mankomunitatean eta Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuetan.