300 bazkide baino gehiago hasiko dira ikastaro ezberdinetan

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 2a

Leitzan, Goizuetan, Donezteben, Elizondon eta Urdazubin yoga eskainiko da aurten ere

Arkupeak elkarteak antolatutako hamabi ikastaroetan izen emateko epea irailaren 19an akitu zen. Horietako ba­tzuetan Nafarroako Gobernuaren eta La Caixaren babesa eta laguntza izanen da. Arkupeak elkarteko 239 bazkidek eman dute izena ikastaroetan. Aipa­tzekoa da informatika ikastaroetan 47 lagun apuntatu direla, 32 memoria tailerrean, 29 Irri­barre batez esnatu ikastarorako, beste horrenbeste argazkilaritzakoan, 23 frantses ikastaroan, 19 Aktiba zaitez ikastaroan, 18 eskulan eta lorezaintza ikastaroan, 17 altzarien zaharberritzean… Gogoratu behar da hainbat bazkide Leitzan, Goizuetan, Donezteben, Elizondon eta Urdazubin eginen den yoga ikastaroan ere hasiko direla. Denera, 300 bazkide baino gehiago hasiko dira ikastaro ezberdinetan.
 
BIDAIAK HARA ETA HONA
Irailaren 8 eta 9an, Arkupeak elkarteko bi bazkide talde Europako Inperioetako hirietara abiatu ziren, Praga, Budapest eta Viena ikusteko asmoarekin. Toki asko zituzten bisitatzeko eta eguna ziztuan joaten zitzaien, baina halere oso pozik buel­tatu ziren, bidaia osoan izan zuten giro ederrarekin.
Irailaren 14an, be­rriz, beste urte batez Lezoko Santo Kristo bestara hurbildu ziren 158 bazkide. Mezaren ondotik herri kirol saioa ikusi ahal izan zuten, harrijasotzaile eta aizkolariekin. Lezotik Hondarribiarako bidea hartu zuten, Ardora jatetxean bazkaltzeko eta ondotik, Joxe Angelen akordeoiaren doinupean dantzatu zuten.
Irailaren 29an, azkenik, 90 bazkide Benidormera joan ziren, hamabi egunez hango tenperatura goxo eta hondartzetaz gozatzera.
Urriari dagokionez, hilaren 16an ohiko bazkideen besta eginen du Arkupeak elkarteak, 85 urte bete dituztenei eta 50 urte ezkondurik egin duten bikoteei omenaldia eskainiz. Hau idazterakoan 467 bazkidek emana dute izena egun horretarako, baina oraindik bada apuntatzeko denbora. Liza­rra eta Lodosarako bidaiak ere hor daude.
 
SANTIAGO BIDEA
Santiago Bidea egiten ari diren bi taldeak bueltan dira. Horietako batek, hamabi bazkide bil­tzen dituenak, ibilbide guztia osatu zuen irai­laren 27an. Hori ziurta­tzen duen diploma jaso, santua besarkatu eta ingurua bisitatu ondotik, kontent bueltatu ziren norbera bere etxera. Hamar laguneko beste taldeari oraindik azken etapak falta zaizkio, eta heldu den urteko maiatzean segitzeko asmoa dute. Momentuz Cruz de Ferroraino ailegatu ziren eta irailaren 22an etorri ziren bueltan. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun