Malerrekako Kultur Ibilbidea ekitaldiz gainezka dator

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 2a

Urriaren 4an Beira taldeak joko du Sunbillako Ariztigain kanpinean eta hilaren 11n Imuntzo eta Belokik Elgorriagan

Malerrekako Euskara Zerbitzuak, Sunbillako, Elgorriagako, Bein­tza-Labaiengo eta Urroz­ko Udalek Male­rre­kako Kultur Ibilbidea antolatu dute. Kultur ibilbide hau antola­tzen den bigarren urtea izanen da. Ibilbideak iaz izan zuen arrakasta ikusita, 2014an berriz ere egitarau erakargarri bat antolatu dute. Kultur Ibilbide hau 2014ko urrian eginen da.
 
Urriaren 4an, larunbata 19:30ean Beira taldea izanen da Sunbi­llako Ariztigain kanpinean. Jon Martin ber­tsolariak eta Igor Arruabarrena gitarra joleak osatzen dute Beira eta musikatutako bertsoak eskain­tzen dituzte. Aurten 800 dukado Sunbi­llako emakumezkoen maratoiaren kantua konposatu dute.
 
Urriaren 11n, Imun­tzo eta Beloki ariko dira 17:00etan Elgorriagan. Triktilari eta panderojolearen emanaldiaz gain, eguerdian gaztagintza erakusketa bat eginen da eta 14:00etan herri bazkaria egonen da.
 
Urriaren 18an, Mikel Markez eta Erramun Martikorenak kantaldia eskainiko dute Beintza-Labaiengo elizan 19:00etan hasita. Belaunaldi ezberdinetakoak badira ere, taulak batu ditu Mikel Markez eta ­Erra­mun Martikorena. Oharkabean, hau da, «elka­rrekin kontzertuak ematen hasiko gara» erran­ gabe egin dute bat, adierazi izan dutenez.
 
Urriaren 25ean, azkenik, Kiki, Koko eta Moko pailazoak ariko dira Urrozko frontoian 17:00etan.
 
MALERREKA KANTUZ
Udazkenarekin batera Malerreka Kantuz abian jarri du berriz Malerrekako Mankomunitateak. Urriaren 4an, larunbata, eguerdiko 12:00etan Elgorriagako karriketan barna ibiliko dira kantuan kantuzaleak. Saioa he­rriko plazan hasiko da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun