Joaldunen Eguneko ekitaldi guztiak ederki atera ziren, baita tartean izandako sorpresak ere. Goiz-goiz hasi ziren joare soinuak somatzen. Ameztian barrena ibili ziren herrira itzuli aitzinetik. Aizkolariak saio polita eskaini zuten eta bertsolariak ere aritu ziren lanean. Segidan 180 lagun inguru bildu ziren bazkaltzeko. Arratsaldeko bertso eta musika soinuekin goizalderarte segitu zuten besta giroan, tartean berriz ere joareak jarriz eta herriari buelta emanez. Antolatzaileek omenaldi ttiki bat ere egin zioten Jose Martin Bereau joaldun zaharrari, hainbertze urtez joareak jarriz ibili baita joaldunen taldean. Aurreskua dantzatu zioten eta bertsoarekin batera bere argazki bat oparitu zioten.