Malerrekako Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak guraso eskola martxan paratzeko asmoa du, guraso izatearen esperientziak dakarrren aspektu nagusien inguruan hausnartzeko eta seme-alaben hezkuntzan lagungarriak diren gaitasunak eskuratzeko aukera sortuz. Lehendabiziko aldia da horrelako eskola Malerrekan izateko aukera badagoela. Eskola hau goizez, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara antolatuko da eta data hauetan: urriaren 15 eta 29an, azaroaren 12 eta 26an eta abenduaren 10ean. Topaketak Malerrekako Mankomunitatean eginen dira eta Mirentxu Goinetxe, terapeuta eta gizarte langileak zuzenduko ditu. Eskola honetan parte hartu ahal izateko 948 451746 telefonora deitu behar da edo ssbdoneztebe@malerreka.infolocal.org helbidera idatzi. 10 orduko jarduera honen truke 15 euro ordaindu behar dituzte, epea urriaren 8an akituko da.
Eskola honen helburuak honako hauek lirateke: amatasuna eta aitatasuna ulertu; heziketa estilo desberdinen inguruan hausnartu; gure seme-alabekiko harremanak hobetzeko tresnak eskuratu; adin bakoitzaren bilakaera psikologikoa ezagutu… Eskola horretan landuko diren edukinak, berriz, abiapuntu hauek izanen dituzte: guraso izatea erronka eta ardurarik garrantzitsuenetarikoa dela ohartaraztea; seme-alaben arteko harremana nola eraiki: maitasuna, komunikazioa, segurtasuna…