Nafarroako Duatloi Txapelketan, sprint modalitatean, izugarrizko lana egin zuten Erreka Triatloi taldeko neska-mutilek joan den asteburuan Valtierran. Iñigo Arregi bigarren izan zen sailkapen orokorrean eta Santi San Miguel Txapelduna beteranoetan. Nesketan, berriz, Errekako Izaskun Etxeberria oiartzuarra hirugarren izan zen.
Hiru kirolari hauekin batera, Rafa Maritxalar lesakarrak eta Xabi Bañares eta Iñigo Mangadok osatu zuten Errekako ordezkaritza txapelketan. 5 kilometro lasterka, 20 bizikletan eta azken 2,5ak berriz ere lasterka egin zituzten.
Denek ere lan bikaina egin zuten. Iñigo Arregi hirugarren izan zen proban, Ibai Alba eta Iñigo Sevillanoren gibeletik, baina bigarren Nafarroako txapelketan (1:03:11). Santi San Miguel bosgarren izan zen eta lehenbizikoa beteranoen txapelketan (1:03:55) eta Rafa Maritxalar zortzigarren sailkapen orokorrean eta hirugarren beteranoetan (1:05:25). Xabi Bañaresek 34. postuan bukatu zuen eta Iñigo Mangadok 58.
Emakumezkoetan, Izaskun Etxeberria hirugarren izan zen (1:25:42), Maider Razkin eta Mirena Aldazen gibeletik.
Beraz, maila bikaina erakutsi zuten Errekako kirolariek. Horren erakusgarri, taldekako sailkapena izatekotan, orain Erreka Nafarroako Duatloi Txapelduna izanen zela sprint modalitatean.