Euskararen mugaz gaindiko Sareuska sarea aurkeztu dute

TTIPI-TTAPA 2014ko urriaren 2a

Irailaren 19an aurkeztu zuten Urruñan Sareuska egitasmo berria. Utzitako argazkia

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Hego Lapurdiko Hirigunea eta Bidasoa-Txingudiko Partzuergoa biltzen ditu

Hego Lapurdiko Hiriguneak, Bortzirietako euskara mankomunitateak eta Bidasoa Txin­gu­diko partzuergoak SAREUSKA euskararen mugaz gaindiko sarea sortu dute eta irailaren 19an aurkeztu Urruñan. Aitzinera eramanen duten lanari esker, euskararen erabilpena sustatu eta dinamizatzeko nahia dute. Horretarako, 2014 eta 2017 epealdian finkatutako ekintza planean, topaketa ba­tzuk antolatuko dituzte harremanak indartzeko eta batez ere, lan ardatz batzuk adosteko. Sareuskak antolatu duen lehenengo ekitaldia Mintzodomoa izanen da Irunen udazkenean ospatuko dena, «eskolaz kanpo euskararen erabilpena zihurtatzeko».
 
Mugaz gaindiko elkarlana ekarriko duen proiektu honen helburu nagusiena da euskararen erabilpena susta­tzea, hainbat ekintza eta bilkuren bidez. Modu berean, Mugaondoko euskara zerbitzuen arteko elkar lana bideratu nahi dute eta hautetsien arteko harremanak indartu nahi dituzte.
 
Ander Almandoz, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko le­hen­dakari eta Arantzako alkateak azaldu zuenez, 2014. urtetik 2017. urtera aitzina eramanen den sare honetan «metodologia parte hartzaile bat erabiliko da». Alde batetik, zihurtatu du administrazioan lan egiten dutenen arteko ida­tzizko harremanak «elebidunak» izanen direla. Merkataritzan, Sareuska proiektuaren barnean herrita­rrei zuzendutako kanpaina eta ekin­tzak eginen dituztela ere aipatu du Almandozek, euskara sustatzeko asmoarekin. Bertzalde, turismoaren arloan euskararen erabilpena indartuko da, bai euskararen inguruan eginen diren ibilbide turistikoen, baita euskaraz izanen diren euskarri ezberdinen bidez ere (harrera gidaliburuak, telefono aplikazioak...). Almandozek iragarri du «haur eta gazteak bil­tzeko guneak sortu nahi dituztela». Modu berean, bertso eskola topaketak aurreikusi dituzte, «hiru eremuetako gazteen elkar ezagutza sustatzeko eta euskalki ezberdinak ezagutarazteko», zehaztu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak.
 
MINTZODROMOA UDAZKENEAN
Sareuskari buruzko aurkezpenean, Almandozek kontatu du euskararen ikaskuntza eta alfabetizazioa laguntzeko, Mintzodromoak bezalako topaketak antolatuko dituztela. «Eskolaz kanpo euskara erabiltzeko erabilgarria izanen da batez ere euskara ikasten ari diren pertsonentzat», gehitu du Arantzako alkateak. Mintzodromoa izanen da antolatuko duten lehenengo ekitaldia eta udazkenean ospatuko da Irunen.
 
Proiektuaren finan­tziazioa aipatzerakoan, Michel Ibarlucia, Hego Lapurdiko Hiriguneko lehendakariordea eta euskararen arduradunak esplikatu du «mankomunitate eta eremu bakoitzak bere finan­tziazioa zihurtatuko duela». Modu berean, ekitaldi bakoitzarentzat aurrekontu ezberdinak pentsatuko dituzte eta  gero hauek «denon artean onartuak izanen dira».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun