Nafarroako aizkolari txapelketa nagusiaren finala jokatu zen urriaren 5ean Etxarri Aranatzen. Pronostikoak bete eta bederatzigarren aldiz txapela jantzi zuen Floren Nazabalek, herriko semeak. Jon Rekondo leitzarra azpitxapeldun izan zen eta Oihan Larretxea hirugarren.
Aizkoran belaunaldi berria badator, baina oraindik ere Floren Nazabalek bertzeen gainetik koxko bat edo bi goitiago dagoela erakutsi zuen berriz ere Etxarri Aranatzen. Aizkolariek launa kanaerdiko, launa 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten eta Etxarrikoa, oinazeekin baldin badabil ere, hasieratik ibili zen aitzinetik. Lehen postu horretarako ez zen emozio handirik izan eta azkenean, 33 minutu eta 33 segundutan akitu zituen lanak, iaz Doneztebeko finalean baino 5 minutu gehiago behar izan zituen. «Asko sufritu dut» aipatu zuen txapeldunak, disko-herniarekin minek baitabil eta horrela segitzekotan, ez omen du urriaren 25ean Beasainen jokatzekoa den Euskal Herriko finalean parte hartuko.
Bigarren posturako lehia gehiago izan zen Jon Rekondo eta Oihan Larretxearen artean, baina azkenean leitzarra izan zen azpitxapeldun, iaz bezalaxe. 35 minutu eta 46 segundo behar izan zituen lana burutzeko, txapeldunak baino bi minutu luze gehiago. Oihan Larretxeak 48 segundo beranduago bukatu zuen lana, 36 minutu eta 34 segundotan. Laugarren postua bertze leitzarrarentzat izan zen, Ruben Saralagirentzat. 38 minutu eta 4 segundo behar izan zituen hamar enborrak ebakitzeko. Bosgarren postua Ander Erasunek eskuratu zuen (40:39). Aurtiztarra ere arazo fisikoekin dabil eta ez zuen bere onena ematerik izan.