Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak baikor baloratu du irailaren 18an ospatutako Artzainen Eguna. Bardeetako Mankomunitateari eskerrak eman nahi izan dizkio artaldeei sarbidea ematen dien tiroa botatzeko aukera emateagatik eta hain egun berezian protagonista izaten uzteagatik.
Hain zuzen, Jose Aguas artzainak bota zuen tiroa azken aldiz, ekitaldi hau ez baita gehiago eginen, zoritxarrez gero eta guttiago direlako artaldeak. Irailaren 18an hiru artalde bertzerik ez ziren sartu.
Ehiztari Elkarteak prestatutako migak dastatu eta artzainari eskainitako monumentoan argazkiak atera ondotik, Euskal Sheep com Elkarteko himnoa kantatu zuten Bankako Menditarrak taldekoek, Laura Igantzi Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidentearekin batera.
Autobusera igo eta La Olivako monastegira igo ziren, aunitz Bankakoek abestutako meza aditzera eta bertze batzuk feriara, zuhaitzen itzalpean tragoxka hartzera.
Omenaldia
Marisol jatetxean egindako bazkari bikainean omenaldia eskaini zitzaien Malerrekako hiru artzainei. Hain zuzen, egun horretan bete ziren 50 urte giru artzain horiek Ameriketara abiatu zirela. Saldiasko Joxe Mitxeo, Zubietako Santi Hualde eta Sunbillako Felix Sarratea omendu zituzten eta sorpresa handia hartu zuten, bakarren batek ez baitzuen gogoan ere “urtebetetzea”. Argazkiak, artzainen irudia zuten poloak eta Inurrieta ardo estutxea jaso zuten oparitzat.
Bestak mariatxiekin segitu zuen eta akabailan, heldu den urteko besta non izanen den galdetzen zuten artzainek, ederki pasatu zutenaren seinale. Euskal Artzainak Ameriketan elkartekoak lanean ari dira horretarako.