Joaldunen Eguneko ekitaldi guztiak ederki atera ziren joan den larunbatean Iturenen, baita tartean izandako sorpresak ere. Antolatzaileek omenaldi ttiki bat ere egin zioten Jose Martin Bereau joaldun zaharrari, hainbertze urtez joareak jarriz ibili baita joaldunen taldean. Aurreskua dantzatu zioten eta Joxe Mari Fagoagaren bertsoarekin batera bere argazki bat oparitu zioten.
Irailaren 20an, larunbat goiz-goiz hasi ziren joare soinuak somatzen. Ameztian barrena ibili ziren herrira itzuli aitzinetik. Aizkolariak saio polita eskaini zuten eta bertsolariak ere aritu ziren lanean. Segidan 180 lagun inguru bildu ziren bazkaltzeko. Arratsaldeko bertso eta musika soinuekin goizalderarte segitu zuten besta giroan, tartean berriz ere joareak jarriz eta herriari buelta emanez. Jose Martin Bereuari egindako omenaldia izan da aurtengo ekitaldi berezia.